Salaketa eguna antolatu du Sarek abenduaren 17rako

Erredakzioa 2016ko abe. 9a, 10:29

Abenduaren 17ko ekimena aurkeztu zuten aurreko asteazkenean.

"Ehunka herritarren eta haien senideen oinarrizko eskubideak urratzen ari direla salatzeko eguna" dela adierazi dute Sareko arduradunek.

Datorren abenduaren 17rako Sare herritar sareak salaketa eguna antolatu du, Plaza Berrian. Goizeko 11etatik aurrera, photocall bat jarriko dute, "ekimenari atxikimendua adierazteko eta giza eskubideak urratzen dituen egungo kartzela politika salatzeko". 13:30ak arte ekimen artistiko ezberdinez osatutako programa garatuko dute, eta ekimen nagusi batek amaiera emango dio deialdiari.

"Gure helburua gaur egungo espetxe politika salatzea da, legedia eta giza eskubideen aurkakoa dena, 23 gasteiztarren senideak eta euren ingurune afektibo-soziala sakabanaketaren errusiar erruleta batean jartzen dituena, larriki gaixorik dagoen Joxe Ramon Lopez de Abetxuko gasteiztarrak, duela bi urte zigor osoa beteta izan arren, kartzelan jarraitzea bultzatu eta onartu egiten duena", adierazi dute ohar baten bidez.

Hori dela eta, salaketa egun hau "gaur eta orain ehunka herritarren eta haien senideen oinarrizko eskubideak urratzen ari direla salatzeko eguna" dela gogorarazi dute Sareko arduradunek, "datorren urtarrilaren 14an Bilbora joateko konpromisoa hartzeko eguna, giza esubideekiko, konponbidearekiko eta bakearekiko konpromisoa", hain zuzen ere.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago