Bete zure auto-diagnostikoa. 6 pausotan. Azkar eta erraz.

Bukatu dira tramite luzeak, itxaron epeak, txosten mardulak eta prozedura aspergarriak... Prest dago enpresen, komertzioen eta era guztietako entitateen hizkuntza-egoera ezagutzeko baliagarria den auto-diagnostikorako aplikazioa. Sei urratsetan, azkar eta erraz, Bai Euskararik lagunduko dizu zure enpresaren hizkuntza-egoera ezagutzen eta hobetzen.

Hiru minutu besterik ez dituzu beharko galdera sinple batzuk erantzuteko eta, amaieran, zure erakundearen euskara maila zein den jakingo duzu. Hori kontutan izanik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen taldea zurekin harremanetan jarriko da eta, beharren arabera, hobekuntzarako proposamenak, laguntza eta baliabideak eskainiko dizkizu.
 
Aplikazio honen bidez hizkuntza egoera modu global eta autonomo batean ebaluatzeko aukera eskaini nahi zaie erakundeei. Sei urrats jasotzen ditu galdetegiak eta azken emaitza Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzeko dauden irizpideetan oinarritzen da. Horretarako, lau atal aztertzen dira: 1) Hizkuntza-gaitasuna, 2) irudi korporatiboa eta hizkuntza paisaia, 3) kanpo harremanak, eta 4) barne harremanak.
 
Askotan entzun izan dugu halako enpresatan euskaraz egiten dutela lan, edo etxe azpiko dendariari maiz entzun izan diogu bezeroak euskaraz hartzen dituela eta zerbitzua euskaraz eskaintzen diela. Zeren arabera esan dezakegu enpresa batek bezeroei zerbitzua euskaraz eskaintzen dien? Zein irizpideren arabera ondorioztatu dezakegu gure enpresetan lana euskaraz egiten dugun? Enpresa, saltoki edo beste edozein entitatetan lana euskaraz burutzeko, zenbat pertsonek izan behar dute gai euskaraz aritzeko? Eta bezeroak euskaraz hartzeko? Eta zuzendaritza edo-eta ordezkaritza lanetan ari direnek ere bete behar al dute irizpideren bat?

Eta irudi korporatiboari eta hizkuntza paisaiari gagozkielarik, euskaraz al daude gure enpresa, saltoki eta erakundeetako kartelak, errotuluak, katalogoak, etab.?

Eta, kanpora begira, gure bezeroei euskaraz eskaintzen al dizkiegu euskarriak? Esate baterako: fakturak, gutunak, poltsak... Eta zein hizkuntzatan izaten da telefono bidezko edo aurrez aurreko harremana? Publizitatea eta promozioak egiteko erabiltzen diren elementuak euskaraz al daude? Eta webgunea eta sare sozialak?

Erakundearen barnean ere, hizkuntza nola txertatu eta erabiltzen den baloratuko da. Zein hizkuntzatan daude nominak, barne araudia edo harrera plana bezalako ohiko elementuak? Euskaraz izaten al da administrazioekiko harremana? Zein hizkuntza darabilte gure enpresetako funtzionamenduan eragiten duten hornitzaileek? Programa informatikoak euskaraz konfiguratuta al daude?

Atal guztiak aztertu ondoren, zure erakundearen egoera ezagutu ahal izango duzu zuzenean, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak erabiltzen duen mailaketa sistemaren arabera.
 
Interesa duen edonork bete dezake www.baieuskarari.eus atarian dagoen hizkuntzaren auto-diagnostikoa. Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak bakoitzaren egoera aztertu eta gero, hobekien egokituko den hobekuntzarako aukera eskainiko du eta Bai Euskarari Ziurtagiria lortzeko aukera emango dio enpresari.
 
Euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, gure enpresetako egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea posiblea bada, gu guztion ongizatea handiagoa izango da… Horra hor gure erronka.

Bete zure auto-diagnostikoa. 6 pausotan. Azkar eta erraz.

 


Entzun albistea hemen: Gureaz Blai - Info7
 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago