Berriztu jaio da, Araban gasaren erauzketari aurre egiteko mugimendua

Erredakzioa 2016ko aza. 24a, 13:44
Berriztu plataforma aurkezteko agerraldia egin dute Aldabe gizarte etxean.

Hamazazpi eragilek sinatu dute plataforma berri honen manifestua.

Abian da Berriztu!, Araban gasa erauzteko asmoei aurre egiteko mugimendua. Gaur goizean eragile ezberdinek plataforma berria aurkeztu dute Aldabe gizarte etxean eta besteak beste, manifestua eta astebururako deitu duten mobilizazioaren berri eman dute. Izan ere, aurreko urrian Eusko Jaurlaritzaren menpeko SHESA enpresa publikoak putzu batetik gasa erauzteko baimena eskatu zuen, zehazki, Subilla Gasteizen kokatuta dagoen Armentia-2 putzuan. Azken urteotan haustura hidraulikoa erabiltzen saiatu diren toki bera, hain zuzen ere. "SHESAk fracking bidezko lehendabiziko putzuak irudikatzen zituen tokian". Egoeraz arduraturik, zenbait eragile elkartu dira mugimendu honi sorrera emateko. Besteak beste, Ekologistak Martxan, Gure Energia, Martxoak 3 Elkartea, Hala Bedi Irratia, Zapateneo, Arkillos 10, Yokerendan eta Desazkundearen babesa jaso du ekimen berri honek. Era berean, gaur aurkeztu duten manifestua ere ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, UAGA, EH Bildu, Podemos, Equo, Ezker Anitza ACOA-AKE, Eguzki eta Fracking Ez taldeek sinatu dute.

Azaldu duten moduan, hiru dira plataforma berriaren helburuak. Batetik, gasa erauzteko proiektuak geldiarazi nahi dituzte gizartearen mobilizazioan bidez. Bigarrenik, eredu energetiko "okerrak" erabiltzeak eragiten dituen arazoez ohartarazi nahi du, eta azkenik, hausnarketa bultzatu nahi du, "eredu honen aurrean proposamen eta ekimen ezberdinak bultzatzeko".

Mobilizazioak eta parte hartzea

Berriztu! plataformaren lehen mobilizazioa datorren igandean, hilak 27, izango da, Probintzia plazan. Aldi berean, eragile zein norbanakoei mugimenduarekin bat egiteko gonbita luzatu die, besteak beste, plataformaren batzarretan parte hartuz, ostegunero, 19:00etan Iparralde gizarte etxean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide