Inoizko presentzia handiena du euskarak Lanbide Heziketan. 11.400 ikasle baino gehiago ari dira B eta D ereduetan ikasten, duela hamar urte halako bi. Ordea, nabarmen hazi arren, ez dira ikasle asko: LHko estudianteen %30 dira. Eragileen balorazioa nahiko bateratua da: aurrera egin da, baina bide gehiena egiteko dago.
Euskarak Lanbide Heziketan tokia irabaz dezan, eskualdeen arabera ezarri dituzte lan ildoak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan era askotakoak dira: lankidetzak, diru laguntzak, sariak... Nafarroan, eragileak eta administrazioa biltzen ari dira, D ereduan «eskaintza erakargarria» egiteko. Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak Lanbide Heziketaren bidea hasiko du Baionan, Bernat Etxepare lizeo berrian. Ekinbideotan badaude urratzeko hainbat bide, eta horien gainean hausnartu dute eragileek.
Lanbide Heziketan euskararen presentzia handiagoa bermatzeko zeresan handia du araudiak. Eusko Jaurlaritzak ikasturte honetan egin dituen bi aldaketa dira horren adibide: B eredua legeztatu du Lanbide Heziketan; eta itunpeko ikastetxeak derrigortu ditu gutxieneko euskarazko eskaintza egitera. B ereduko matrikulazioak 611tik 3.066ra igo dira; aldiz, D eredukoak %3 jaitsi dira.
Ramon Martinez de Murgia Eusko Jaurlaritzako LHko zuzendariak iragarri du Lanbide Heziketaren legea berriz aurkezteko asmoa dutela, aurreko legegintzaldian onartzear geratu ondoren. Haren ustez, egungo araudiak euskarari erreparatzen dio, baina testuingurua kontuan hartzeko eskatu du: «Nahiko genukeen baino mantsoago joan behar dugu; puzzleak pieza asko ditu, eta ahokatu behar dira». Ordea, eragile gehienek «tentsioa» eskatu diote gobernuari.
Julen Elgetak, gizarte ekimeneko lanbide heziketako hogei ikastetxe biltzen dituen Hetel elkarteko zuzendariak, zenbait ziklo euskaraz ematera derrigortzeko aukera aipatu du. «Urrats zorrotzagoak behar ditugu; Hezkuntza Sailetik derrigortasun puntu bat izan behar du euskalduntze prozesuak». Nicolas Sagarzazu LHko zentro publikoen sare Ikaslaneko Gipuzkoako lehendakariak ikastetxeen baliabideak kontuan hartzeko eskatu du, derrigortu aurretik. Ordea, bide bat zehaztea galdegin du. «Lau urteko proiektu bat behar dugu, euskararen presentzia hobetzeko: lana erraztuko luke».
Ahize hizkuntza aholkularitzako kide Mikel Urdangarinek fokua jarri du praktiketan, lantokiko prestakuntzan. D ereduan ikasten dutenen %40k egiten dituzte praktikak euskaraz. Urdangarinek azaldu du alor hori arautzen duen dekretuak ez diola gaiari heltzen. Zenbait eragilek hori aldatzeko eskatu dute.
Nafarroako Gobernua ereduen araudian oinarritzen du LHko euskarazko eskaintza. Roberto Perez Elorza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko zuzendari nagusiak aitortu du «mugak» izan ditzakeela araudi horrek. 2014-2015ko ikasturtean, Nafarroako LHko 8.269 ikasleetatik 160 D ereduan zeuden. Dena den, Perezen ustez, araudia ez da datu horien eragile nagusia.
Ipar Euskal Herrian, Frantziako administrazioak zenbait muga jarri dizkio Seaskari. Bordeleko Errektoradutzarekin negoziatu behar izan dute, bi ziklo eskaini ahal izateko.
Jaurlaritzaren araudi aldaketak euskarazko eskaintza zabalagoa bermatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Dena den, eragile gehienek Lanbide Heziketako Ikastetxe integratuek eskaintzen dituzten beste formazioetan jarri dute arreta: langileentzako etengabeko formakuntza, Lanbideren ikastaroak... Zehaztu dute ikastaro horietan euskarak presentzia «oso urria» duela.
Irakasleen ehuneko handi bat euskaldunduta dagoela adierazi dute eragile gehienek, oraindik hutsuneak badaude ere. Ramon Martinez de Murgiak hausnartu du B ereduak horietara egokitzeko aukera ematen diola ikastetxe bakoitzari.
Nafarroan eskaintza zabaltzen saiatzen ari dira. Perezek aitortu du orain arte egindako ahaleginetan ez dutela asmatu.
Seaskak, berriz, Bordeleko Errektoradutzak ahalbidetutako zikloak eskualdeko beharretara egokituko ditu: Merkataritza ikasketak, tokiko ekoizpenei eta laborantzari loturik; eta Gizarteratzea. Halaber, haur eskoletarako formakuntza eskaini nahi dute.
Datu adierazgarri batzuk eman ditu Kepa Altube Lanekiko kudeatzaileak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, DBHko hamar ikasletik zortzi inguruk D ereduan ikasten dute; Batxilergoan, hamarretik seik; eta Lanbide Heziketan, hamarretik hiruk. Ikasleak D eredutik aldentzeko joeraren atzean zer dagoen hausnartzen ari da Eusko Jaurlaritza. Hein batean, gaztelerazko ereduaren alde egiten dute tokia izango dutela bermatzeko, Martinez de Murgiak azaldutakoaren arabera. Horri araudia aldatuz egin nahi diote aurre. Ordea, beste hamaika arrazoi bota dituzte eragileek: lan mundua euskararekin ez lotzea, behar besteko hizkuntza gaitasun ez izatea...
Nafarroako arazo nagusia eskaria da, Roberto Perezen iritziz: «Txikiak gara, D ereduan ikasten dutenak gutxi dira, eta zikloetara pasatzerakoan asko barreiatzen dira; zaila zaigu taldeak osatzea». Horri aurre egiteko malgutasunez jokatzearen alde egin du, ziklo batzuetan modulu batzuk bi hizkuntzetan emanez, adibidez.
Euskarak Lanbide Heziketan toki gehiago eskuratzeko dagoen erronka handienetako bat ikasmaterialak dira. Argitaletxeentzat ez da erakargarria. Lanbide Heziketan hamaika ziklo daude, eta bakoitzean ez dago behar beste ikasle, liburuen argitalpena errentagarria izan dadin. «Argitaletxeetan ez dago euskarazko ikasmaterialik Lanbide Heziketarako», laburbildu du Roberto Perez Nafarroako Hezkuntzako zuzendariak. Dauden liburu apurrak zeharkako ikasgaiei dagozkie; hau da, LHko ziklo guztietan ematen diren ikasgaienak: Laneko Prestakuntza eta Orientabidea, edota Enpresa eta Ekimen Sortzailea, kasu.
Lanekiren bitartez aurre egin diote arazoari aurre Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lurralde bakoitzeko Ikaslan zentro publikoen sareek eta Hetelek sortu zuten Laneki, material eskasiari aurre egiteko. Irakasleek sortzen duten materiala baliatzen dute, dela haiek eratutakoa, dela itzulitakoa. Halaber, beste irakasleen ekarpenekin hobetzen eta berrikusten dute. Kepa Altube Lanekiko arduradunak gogora ekarri du lan horren guztiaren ondorioz lortutakoa: 800 ikasmaterialetik gora sortu dituzte, eta LHko hiztegi teknikoa osatu dute 10.200 adiera eta 168.000 kontzepturekin baino gehiagorekin. Eduki horiek eskuragarri daude sarean, doan.
Lan hori diruz laguntzen ari dira EAEko administrazio nagusiak: Eusko Jaurlaritza eta hiru foru aldundiak, baita Buruntzaldea ere. Alde horretatik, babes ekonomiko handiagoa eskatu dute zenbait eragilek, materialak hobetzeko eta berritzeko.
Adegi Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak argitu du zaila dela jarrera bateratu bat antzematea enpresen artean. Ordea, enpresen eta LHren arteko harremanak euskalduntzeko prozesuan aurrera pausoak ikusi dituzte, oraindik «lan handia» geratu arren. Baina, tokian tokiko ezaugarrien arabera, aldaketa handiak daude enpresa batetik bestera.
Mikel Urdangarinek ontzat jo ditu lantokiko prestakuntza euskaraz egiteko ekinaldiak. Prozesu horretan euskara agendan sartzearen garrantzia nabarmendu du, baita bide erraz bat proposatu ere: galdetzea. «Galdetuz, gaia agendan sartzen da: instruktorea euskalduna ote den, prest dauden praktikak euskaraz eskaintzeko...». Hori eginez erantzun baikorrak jaso dituzte, eremu ez euskaldunetan ere.
Kepa Altubek hizkuntza planen beharra nabarmendu du: gaztelera, ingelesa, frantsesa... eta euskara, ardatz gisa. «Enpresek, ikastetxeek... denek izan beharko lukete euskara plan bat; gizarte elebidun bati zerbitzu ematen diote». Horrela, enpresen eta Lanbide Heziketaren euskalduntzea, besteak beste, azkarrago joango litzateke.
Edozein kasuan, eragile gehienek nabarmendu dute Lanbide Heziketak lan mundua euskalduntzeko duen gaitasuna. Urdangarinek hausnartu du ikasleek hizkuntza teknikoa eraman dezaketela enpresara. Martinez de Murgiak balio handiagoa aitortu die euskarazko LHko ikasleei. «Enpresetako euskaldunak aktiba ditzakete, edota paisaia aldatu; palanka lana egin dezakete euskara enpresan sartzeko».
Albistea: Berria.eus
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.