300.000 kilo elikagai bildu nahi ditu Elikagaien bankuak

Erabiltzailearen aurpegia Daniel Sanz Moreno 2016ko aza. 24a, 11:44

Vital Fundazioak eta Arabako Elikagaien Bankuak kanpaina aurkeztu dute Kordoi Etxean.

Elikagaien Bilketa Handia kanpaina egingo dute ostiralean eta larunbatean. Guztira, Arabako 88 establezimenduk eta 1.500 boluntariok parte hartuko dute.

Janaria bilketzeko ekimen honen laugarren edizioa abian jarriko du Arabako Elikagaien bankuak, datorren ostiralean eta larunbatean. Helburua bankuaren biltegirako ahalik eta janari gehien lortzea da. Guztira, 300.000 kilo elikagai ez-galkor eskuratu nahi dituzte zehazki aurtengoan. Gehien bat janaria bildu nahi dute saltokietatik, baina baita higiene produktuak eta haurrentzako elikagaiak ere.

Ildo honetan, antolatzaileek azpimarratu dute herritarrak sentsibilizatu nahi dituztela Arabako familia askok jasaten duten beharrizanaz. Hortaz, elkartasun espiritua sustatzea eta kontsumo arduratsua bultzatzearen garrantzia nabarmendu dute.

Guztira 88 supermerkatuk hartuko dute parte kanpainan, 70 Gasteizen eta 18 Arabako beste udalerrietan. 1.500 bat boluntariok lagunduko dute kanpainan, informazio-liburuxkak banatzen eta saltokietako produktuak biltzen.

Elkartasunaren jaialdia

Bestetik, ostegunean, 19:00etan, Elkartasun jaialdia egingo dute Europa Kongresu Jauregian. Ekimen horretan era altruistan lagunduko dute hainbat arabar ospetsuk, tartean, Eva Garcia Saenz de Urturi idazleak, Juanma Bajo Ulloa zinemagileak eta Almudena Cid gimnasta ohiak.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago