Datorren ostiralean, hilak 25, Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna izango da. Urtero bezala, Gasteizko udalak "izurri hori pairatu duten eta pairatzen duten emakumeak gogoratu, eta udalaren sostengua adierazi nahi die", azaldu du Gorka Urtaran alkateak.
Beldu Barik lehiaketa
Hori dela eta, egun horren harira, egitarau zabaldu prestatu dute. Besteak beste, Beldur Barik lehiaketaren sari banaketa egingo dute. 2 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutako lehiaketak honek Beldur Barik Jarrera hobekien transmititzen duten gazteen adierazpide artistikoak saritzen ditu. Sariak abenduaren 2an banatuko dira, 18:30ean, Goiuri jauregian.
Jardunaldiak
Bestetik, Berdintasun Zerbitzuak Indarkeria matxisten biktimentzako justizia berriztatua eta erreparazio soziala izeneko jardunaldia antolatu du, azaroaren 28 eta 29rako, Goiuri jauregian. Bertan, indarkeria matxista justizia berriztuaren edo konpontzailearen ikuspegitik aztertuko da; prozesu honetan bi aldeak beren borondatez elkartzen dira eta amaieran adostasun batera iritsi, biktimak pairatutakoa sinbolikoki eta materialki konpontzeko. Biktima eta erasotzailearen arteko bitartekaritza baino zerbait gehiago da: delituari aurre egiteko komunitatea sartzen du prozesuan, biktimaren eta erasotzailearen hurbilekoak sartuta (familia, lagunak...). Indarkeria matxisten kasuetan, justizia hori eta erreparazio soziala erabiltzeari buruzko hausnarketa egingo da hainbat hitzaldi eta mahai-ingurutan.
Konpromisoa
Azaroaren 25a dela eta, udaleko talde guztiek indarkeria matxista salatuko dute berriz ere, eta konpromiso zehatzak hartuko dituzte erakunde-adierazpena tarteko. Egun horretan bertan, udaletxeko fatxada lilaz argiztatuko da, gauez.