Askotan esan ohi da indarkeria patriarkalak milaka aurpegi eta milaka ahots izan ditzakeela, baina oraingoan ate atzean ezkutaturik gertatu eta geratu ohi diren biolentzia-egoera lazgarrien inguruan arituko gara: umeen kontrako indarkeria patriarkalaz.
Haurren kontrako bortizkeria patriarkalak baditu dimentsio anitz: eraso fisikoak, psikologikoak, arduragabekeria fisikoa eta emozionala eta sexu-abusuak. Indarkeria aldaera anitz horien zutabeak estuki lotuta daude patriarkatuaren baitako jendarteratze-prozesuei. Txikitatik, sozializazio-prozesuan zehar, neskatoei edo mutikoei sexualitate, identitate, rol eta eredu estereotipatu hertsiak ezartzen dizkie sistema heteropatriarkalak, betiere, jendartean sistemaren beharrak asetzeko leku eta funtzio ezberdinduak har ditzaten. Horregatik, neskatoak printzesak, zaintzaileak, goxoak, geldoak, objektuak izateko hazten ditu; mutilak, aldiz, bizkorrak, independenteak, ausartak, mugituak eta subjektuak izateko. Haurren eta nerabeen bizi-ibilbidea, sozializazio-prozesua alegia, hasieratik bortizkeria kultural eta sinbolikoak ezaugarritzen dute.
Gainera, patriarkatua oinarri duen jendarte honetan, nork(tzuk) du(te) boterearen hegemonia? Boterearen hegemonia heldua, gizona eta heterosexuala izango da. Hori dela eta, hori mantentzeko tresnarik nagusiena bortxa izango da, eta horrek, modu eta forma anitz izango ditu. Horrenbestez, indarkeriaren monopolioa gizon helduek izango dute (gehienetan senarrak eta aitak) eta hori sufritzen dutenak nagusiki, berriz, jendartean zaurgarritasun-egoeran bizi diren era anitzetako subjektuak izango dira: emakumeak eta haurrak bereziki.
Indarkeria sexistak duen dimentsio zabal honen gotorlekua patriarkatuaren oinarria den familia nuklearra da. Horren oinarriak hauek izango lirateke: heterosexuala; maskulinitatearen plazerera eta bizitzara egina; etxeko gizonak izango dute boterearen monopolioa (aita, osaba, aitona); produkzioa eta erreprodukzioaren arteko banaketa sistemikoa, etab. Familia-eredu hori eta horren gertuko sarea bera dira, gehienetan, errealitate lazgarri horien isilpeko babesleku; horren adibide adierazpen hauxe dugu: trapu zikinak etxean garbituko ditugu.
Horrez gain, heteroaraua oinarri duen sistema patriarkalean sustraitzen den beste premisetako bat da: gizonek beraien gozamenerako eta onurarako nahieran erabili ditzaketeela inguratzen dituzten gorputz anitzak. Horren adibide ditugu: mota anitzetako sexu-erasoak, bortxaketak, publizitate sexista, haurren hipersexualizazioa, pronografia eta sexu-abusuak.
Sexu-gehiegikeriei dagokionean, eguneroko errealitate dira gurean; esaterako, salatzen diren sexu-abusuak kontuan hartuta, hamazazpi urtetik beherako lau neskatotik batek jasan ditu noizbait bere bizitzan, eta zazpi mutiletik batek. Hala ere, egoera horien inguruko datuen eskasia salatu ohi dute behin eta berriz gehiegikeria horiek pairatu dituzten haur eta nerabeen elkarteek. Sexu-abusua jasan duten haurrek gehienetan bere erasotzailea ezagutzen dute: %70etan hurbileko senidea da.
Haurren aurkako indarkeria kasuetan orokorrean, batetik, erasotuaren zaurgarritasun egoera dela eta bestetik, gehienetan erasotzailea familiakoa edo ingurukoa delako, haurraren hitza ez da kontuan hartzen, ez zaio sinesten. Zehazki, sexu-abusuen kasuan, salaketa gehienak ez dira epaitegietara iristen, eta ailegatzen diren horiek, trabaz betetako bide bati egin beharko diete aurre: haurrak sexu-abusua egon dela demostratu beharko du sistema judizialaren aurrean (edozein adinekoa dela), testigua gehienetan ama izan ohi da eta amen hitza zalantzan jartzen da sistema judizialaren egitura patriarkala dela-eta. Batetik, amak sexu-abusuak jasan dituzten bere seme-alabak manipulatu dituela argudiatuta, eta epaitegian gezurra esan duela iritzita, seme-alaben zaintza kentzerainoko prozesuak daudelako, gaur gaurkoz. Bestetik, epaitegietan, kasu horietan dagoen geldotasuna kontuan hartuta, auziak aurrera jarrai dezan aparteko abokatu bat behar izaten delako. Hori horrela izanda, emakume askok ezin izaten dute prozesuarekin segi, baliabide ekonomikoen faltan. Azken batean, epaitegietara iristea lortzen duten salaketen bide judizialak bide motza izan ohi du, kasu gehienak artxibatu egiten baitira.
Bestalde, amaitze aldera, ezin ahantzi genitzake umeek euren amaren kontrako indarkeriaren ondorioak pairatzen dituztela zuzenean, bortxa-egoeraren edo dinamikaren parte direlako. Euren etxeetan indarkeria-egoerak bizi dituzten umeak horren zuzeneko jasotzaileak dira, nahiz eta legeak horrela ez jaso. Horren muturreko adibide izan dugu aurtengoan Gasteizen, zeinak, gizon batek bere bikotekidearen alaba, Alicia, erail zuen balkoitik botata, eta Eusko Jaurlaritzak berak ere ez duen hori indarkeria sexista gisa izendatu eta errekonozitu. Horrez gain, epaiketekin jarraituz, epaitegietara iristen diren banatze-kasuetan, zaintza partekatuaren legea onartuz geroztik, ikusi liteke indarkeria sexista egoerak izan diren bikoteen kasuan, adibidez, ez direla kontuan hartzen, eta erasotzaileei bisita-erregimena mantentzen zaiela kasu gehienetan.
Ikusi makusi, zer ikusten da? Erpin asko dituen poliedroa egoera gordin eta lazgarriez gainezka dagoela. Erpin asko dituen egoera gordin eta lazgarria ikusten da. Horren aurrean, komenigarria dela deritzogu gatazka honi irtenbideak ematen hastea.Horretarako, lehenik eta behin, egoera horietan sortzen diren isiltasun-hitzarmenak hausten hastea garrantzitsua dela deritzogu. Sufrimenduz betetako bizi-hastapena izan duten subjektu zaurgarriak ikusgarri egin behar ditugu; jendarte-heldu gisa dugun arduraren jabe izan behar dugu; horiei aurre egiteko epaitegietako paper zimelduei bide ematea exijitzen diegu agintari politiko eta judizialei; txikitatik neskatoekin autodefentsa feminista lantzearen beharrizana mahai-gaineratzen dugu eta indarkeria egoera anitzetatik askatzeko, nahitaezkoa izango dugu hezkuntza eredu hezkidetzaile eta feminista baten aldeko jardunarekin jarraitzea.