Aurreko astean, UGT, Ekintza eta PIM sindikatuak akordio batera heldu ziren Gasteizko Mercedes lantegiko zuzendaritzarekin, lan-hitzarmena sinatzeko. Akordio horrek ez du, ordea, enpresa-batzordean gehiengoa duten ELA, LAB, CCOO eta ESK sindikatuen babesa. Izan ere, Mercedeseko langileen batzordea 27 ordezkariz dago osatuta; UGT da sindikatu nagusia bederatzi delegaturekin, baina ELAk, CCOOk, LABek eta ESK-k hamalau ordezkari dituzte.
Langileek asteazkenean, hilak 23, bozkatuko dute aurre-akordioa eta gehiengoa lortzen badu, aste honetan bertan sinatuko litzateke hitzarmen berria.
Besteak beste, orain bozkatuko duten hitzarmen honek % 1,8ko soldata igoera aurreikusten du eta bost urterako egongo litzateke indarrean. Bost urte horietan Mercedeseko 1.000 langile ebentual finko egiteko konpromisoa hartu du enpresak: 500 inguru lehendabiziko urtean eta 125na gainerako urteetan.
Gainontzeko sindikatuen kritika
ELA, LAB eta CCOO sindikatuek gogor kritikatu dute akordioa, gutxiengo sindikalak egindakoa delako eta negoziazio mahaitik kanpo negoziatu dutelako. ELAk "lan-baldintzak okertu" egingo direla salatu du. LABek, berriz, akordioak "prekaritatea" areagotuko duela adierazi du. Soldataren igoera txikia dela iruditzen zaio sindikatuari, eta 2015an Mercedesek 77 miloi euroko irabaziak izan zituela gogorarazi du, "inoizko hoberenak". Horrez gain, LABek kritikatu du enpresak soilik bermatzen duela 500 lanpostu finko sortuko dituela eta, beste hainbeste ekoizpenaren arabera. "Gogoratu behar dugu horietako 300 aurreko hitzarmenean adostu zituztela. Gainontzekoen kasuan, legeak berak behartzen du Mercedes horretara, iruzurrean aldi baterako kontratatutakoak baitziren, zortzi urte baino gehiago baitaramatzate lanean. Beraz, finkoak izan beharko luketen beste hainbeste langilek (ia 1.000) aldi baterako kontratuarekin jarraituko luke", zehaztu du.