Xabier Egibar - Ideia, borondatea eta bideragarritasuna

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2016ko aza. 16a, 09:54

ENPRESAREAN AZOKA - ELKARRIZKETAK V


XABIER EGIBAR

LABORAL KUTXA - Negozio Garapen Sailaren zuzendaria

 

Xabier Egibar Laboral Kutxako Negozio Garapen Sailaren zuzendaria, Gaztenpresako burua eta aholkularia ere bada. Eskarmentu handia du negozio ereduen bideratze zein finantzaketa ereduetan eta aukera ezberdinak eskaini, hobetu eta ekintzaileak orientatzeko lan egiten du.

 

Negozio bat martxan jartzerako orduan, finantzazioa ezinbestekoa da eta, askotan, proiektu bat bertan behera gelditzeko arrazoi nagusia. Nola egin beharko lioke aurre ekintzaile batek diru-iturri behar horri?

Lehenik eta behin, finantzazio beharra oso ondo planifikatu behar da; horretarako, negozioaren diru-sarreren eta inbertsio zein gastuen proiekzioa egin behar da eta, batez ere, lehenengo urtearena kontu handiz zehaztu, bidean likidezia arazorik ez topatzeko. Orokorrean, baikorregiak gara gure kalkuluak ateratzekoan; senarekin jokatu behar dugu eta adituen aholkuak jarraitzea komenigarria da finantzaketa aukera egokiena aukeratzeko orduan.

Batzuetan, ekintzaileak auto-finantzaketaren bidea hartu dezake, baina, gehienetan, kanpoko finantzaketa ezinbestekoa da. Erronka horri aurre egiteko, hau da, bideragarria den proiektu bat finantzaketarik gabe geratu ez dadin, Laboral Kutxan hainbat instrumentu, formula eta aliantza bideratu ditugu. Horren adibide gisa dira Gaztenpresa Fundazioa, OINARRI eta Europako Inbertsio Fondoarekin sinatutako hitzarmenak edota OINARRI eta Laboral Kutxaren arteko hitzarmena.

Jakin dugu aipatutako Gaztenpresa izeneko proiektuaren lehendakaria eta mentoring-a zarela. Zer da eta zer eskaintzen du?

Gaztenpresa Fundazioak negozio ideia bat duen edonori laguntza eskainiko dio, fase ezberdinetan: hasieran, ideia garatzen eta negozio plana lantzen eta, ondoren, izapideak egin eta finantzaketa aukera egokiena bilatzen. Noski, behin negozio bat martxan jarri dela, Gaztenpresako tutoreek ekintzailearen ondoan jarraituko dute, negozioaren garapenean eta sendotzean beharrezko laguntza eta aholkularitza ematen. Horretarako, balio handiko eskarmentua duen aholkulari sare bat jarri dugu abian, gure ezagutza ekintzaileei helarazteko eta bidelagun izateko asmoarekin.

Fundazioaren erantzukizuna eta ardura nabarmendu nahiko nituzke. Izan ere, ideia batek etorkizun ona daukala egiaztatzeko, bideragarritasun plan bat ekoiztea ezinbestekoa da eta horri ekiten lagunduko dio ekintzaileari. Azterketaren erantzuna “baizkoa” izan daiteke, baina baita “ezezkoa” ere.  Arduraz jokatu behar dugu eta badakigu ezetz esaten. Horrela, Gaztenpresaren laguntza jasotako negozioen biziraupena GEM ikerketak aipaturikoa baino hiru aldiz hobea da.

2015eko memorian jasotako emaitzekin oso pozik ikusi zaitugu. 4.120 enpresa berri, 7.330 enplegu… Helburuak bete dira? Erronka berriak?

Enpleguaren sorkuntzan liderrak izaten jarraitu nahi dugu. 2016ko datuak 2015ekoak baino hobeak izaten ari badira ere, ez gara konformatzen.

Gure helburua da enplegu berria sortzea eta, gainera, etorkizunerako formula berriak aztertzen ari gara. Era berean, internet eta teknologiaren aukerez baliatuz, ekintzaileengana hurbiltzeko prozesuak murrizten eta errazteko dihardugu.

Gaztenpresa albo batera utzita, OINARRI-Laboral Kutxa Express deituriko finantzazio eredu berri bat martxan jarri duzuela aipatu duzu. Zertan datza sistema hau?

OINARRI-Laboral Kutxa Express ekintzaileentzat eta jadanik abiaduran dauden enpresentzat zuzenduta dago, maileguak lortzen errazten duelarik. Finantzaketa Oinarri Gizarte ekonomiako enpresetan eta autonomoetan espezializatutako Elkarrekiko Berme Elkartea (EBE) da. Hau da, Elkarteak berak bere bazkideen maileguak bermatzen ditu, finantzaketaren lorpena asko erraztuz. Izan ere, maileguak kredituko entitateetan kudeatzen direnez, arazorik handiena eskaeraren prozesuaren luzapena izan ohi da, mailegu operazioan partaideak gehiago direlarik.

Business Angels esanez gero, zer datorkizu burura? Bada finantzazioa lortzeko beste biderik?

Gaur egun, teknologia berrietan oinarritutako negozioak bultzatzerakoan ezinbestekoak dira. Ezin dugu zerutik etorritako aingeruak direla esan, ezta deabruak direnik ere; dirua irabazteko daude eta baldintza gogorrak eskatuko dituzte, baina balio handia izan dezakete.

Gure kasuan, zenbait start-up finantzatu dugu, baina era mistoan: hasierako finantzaketa eskaini dugu, baina, ondoren, inbertsore kapitalistak sartu dira.

Bukatzen joateko, azpimarragarria da orain dela ia urtebete Laboral Kutxak Europako Inbertsio Fondoarekin mikrokredituetarako berme linearik garrantzitsuena sinatu zuela…erronka handia, ezta?

Egin dugun apustua handia da eta, era berean, erantzukizuna ere. Enplegua sortzeko edo sendotzeko mikrokreditu lerrorik handiena baita Europa mailan. Oso pozik gaude aurrera emandako urratsarekin, erritmo biziz aurrera goaz: abuztu bukaerarako 1.732 mailegu bideratu genituen, 26 milioi euro baino gehiago.

Krisialdiak ondorio nabarmenak utzi ditu arlo honetan ere. Gizartea, oro har, entitate bankarioak eta kutxak zein ekintzaileak proiektuak sortzeko orduan kontserbadoreagoak bilakatu gara?

Nire ustez, ikuspuntu zabala behar da: krisialdietan aukerak sor daitezke eta epealdi emankorretan, ordea, zula daitezkeen puxikak.

Guk ez dugu ekintzailetzaren jaitsiera sumatu krisialdi garaian. Gizakiak itxaropena ikusten ohi du etorkizunean. Hala ere, krisialdiarekin batera “behartutako” ekintzaileak sortu dira, langabezian erorita ekintzailetza bidea hartu dutenak, hain zuzen ere. Gizon-emakume guztiek ez dute bere negozio propioa sortzeko bokazioa eta egoera hori oso arriskutsua izan daiteke, norberaren negozioa abian jartzeko borondatea eta adimena beharrezkoak baitira.

 

 

Aldizkari osoa hemen irakur dezakezu: ikus aldizkaria.

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago