Azaroaren 29tik 30era 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea' jardunaldiak egingo dituzte Gasteizko Europa biltzar jauregian, Sare plataformak antolatuta. Egun horietan, magistratuak, ETAren, GALen eta sakabanaketaren biktimak zein erakundeetako arduradunak bilduko dira Gasteizen, bakearen lorpena eta gatazken konponbidea aztertzeko.
Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua Sareko ordezkari Amets Martinezek eta Bizikidetza eta Aniztasun zinegotzi Nerea Melgosak. Izan ere, jardunaldiek Gasteizko Udalaren babesa izango dute. Ekimenaren helburua "giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde egitea" dela azaldu du Martinezek.
Egitaraua
Azaroaren 28an, Sakabanaketa, zigor penalen zenbaketa bikoitza eta salbuespenezko legedia izeneko mahainguruan parte hartuko dute Martin Pallin magistratuak, Iñigo Iruin abokatuak eta Iñaki Lasagabaster administrazio zuzenbideko katedradunak.
Azaroaren 29an, indarkeria mota desberdinetako biktimen testigantzak entzuteko aukera izango da. Sufrimenduari ateak itxi eta itxaropenari lehioa ireki izenburupean ariko dira Unai Gonzalez Azua dispertsioaren biktima, Rosa Rodero ETAren biktima, Carmen Galdeano GALen biktima eta Sara Buesa ETAren biktima.
Jardunaldiei amaiera emango die Gizartea gatazkaren konponbiderako eragile gisa solasaldiak. Mahaiaren bueltan izango dira Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko kidea.