Azaroaren 29tik abenduaren 3ra Cortada film laburren jaialdiaren hogeigarren edizioa ospatuko dute.
Edizio honetan, 1.282 film labur jaso ditu antolakuntzak, iaz baino 800 film gehiago, eta horietatik 100 lan hautatu dituzte sarien lehiaketan parte hartzeko. "Filmak hautatzeko batzordeak lan zaila izan du, aurkeztutako film laburrak oso kalitate onekoak izan baitira", adierazi dute antolatzaileek ohar baten bidez. Besteak beste, fikzioa, animazioa, dokumentalak, bertako lanak, unibertsitateko film laburrak eta lan freaky-ak topatuko ditu ikusleak.
Cortada film laburren lehiaketa gisa finkatu da eta, joan den urtetik, EGEDAk –ikus-entzunezkoen eskubideak kudeatzen dituen erakundea− ematen dituen Goya eta Forque sarietarako jaialdi kalifikatzailea da. Estatuko 30 lehiaketak bakarrik dute pribilegio hora. Cortada EHUko Arabako campuseko errektoreordetzak antolatzen du, Vital Kutxaren gizarte ekintzaren eta Gasteizko Udalaren babesarekin.