Korrikaren 20. edizioa aurkeztu dute AEK eta Korrikaren arduradunek Donostiako San Telmo museoan. Datorren urteko martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuko da Korrika, eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, eskuz esku joaten den lekukoaren barruko mezua irakurri ondoren. San Telmon bertan gordetzen da Korrikaren jatorrizko lekukoa, Remigio Mendiburuk sortutakoa.
Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak gidatu dute ekitaldia, eta bertan zeuden AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideak ere. Mugikak esan du "aurreko Korrika amaitu zenetik euskaraz bizitzeko hautua irmoago dagoela euskal gizartean". Bere esanetan, euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea: "Horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia". "Dena den, oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez nahikoak dira", adierazi du Mugikak.
Batzuk lemapean
Bat baino gehiago Batzuk izango da Korrikaren leloa, hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahian. Bat eta zuk hitzen arteko jolasa da, herritarrak euskarara gonbidatzeko: "Hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira". Asier Amondok azaldu du leloa: "Hizkuntza, Kultura, Mundu BAT sendotzeko bidean, ZUK ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz".
Korrikaren sortzaileak, omenduak
Korrikaren sortzaileak omenduko dituzte 20. edizioan. 1980. urtean jarri zen abian lehendabiziko Korrika eta, geroztik, "euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia bihurtu da", Amondoren hitzetan. Korrikak batu egiten duen ekimena dela nabarmendu du, eta irudi koloretsua erabiliko dute 20. edizioan, hori islatu nahian.