Udal Antzoki Sarearen Eguberrietako programazioak hamasei ikuskizun eskainiko ditu abenduaren 1etik urtarrilaren 4ra arte. Horietako hamahiru Principal antzokian izango dira, eta besteak beste, La Oreja de Van Gogh, Faemino y Cansado eta Fermin Muguruza eta Albert Plaren Guerra, el musikal nabarmentzen dira. Sarrerak azaroaren 22an jarriko dira salgai.
Egitaraua, egunez egun
Principal antzokiko denboraldia abenduaren 1ean hasiko da. Euskararen Astea dela eta, Mami Lebrun antzezlanaren bi emanaldi eskainiko dira. Abenduaren 10ean, berriz, gospelaz gozatu ahal izango dute zaleek, Black Heritage Choir taldearen Tributo a Aretha Franklin ikuskizunarekin. Hurrengo egunean, hilaren 11n, Haur Abesbatzen XXV. Eguna aurkeztuko dute.
Abenduaren 14an, Udal Musika Bandaren The Queen Synphonic emanaldia izango da. Hilaren 15ean, berriz, Guerra, el musical Albert Pla eta Fermin Muguruzaren eskutik. Zehazki, gerrari buruzko gogoeta da, musika, antzerkia, emanaldiak eta multimedia-efektuak erabilita probokatzailea bezain ironikoa izango den musikala, hain zuzen ere.
Abenduaren 17an, La Oreja de Van Gogh taldearen txanda izango da, eta El planeta imaginario disko berria aurkeztu du. Hilaren 18an, Pep Bou, "burbuilen magoa", izango da. Abenduaren 21etik 23ra bitartean, Faemino y Cansado umoregileek Quien tuvo, retuvo ikuskizuna aurkeztuko dute.
Azkenik, abenduaren 28an Luar Na Lubre taldeak kontzertua emango du, Aitzina Folk IV. Jaialdi Solidarioaren baitan Abenduaren 30ean Yllana 25 estreinatuko da. Denboraldia bukatzeko, Euskal Herriko Gazte Orkestrak (EGO) Safety last filmaren soinu banda joko du, urtarrilaren 4an.
Horrez gain, egun horietan gizarte-etxeetan ere izango dira ikuskizunik. Abenduaren 2an, Ibaiondon, Rudo zirku proposamena ikusi ahalko da; abenduaren 16an, gizarte integraziorako antzerkia programaren barruan, Bernarda Alba eskainiko dute Felix Petite antzokian, eta 22an, dantza proposamen bat Jim Aktual zikloaren barruan: El cielo ahora.
2017ko aurrerapenak
Antzoki Sarearen arduradunak Marta Monfortek 2017ko programazioko ikuskizun batzuk aurreratu ditu gaurko agerraldian. Batetik, XXI. mendeko flamenkoa zikloaren barruko bost kontzertuak, otsailaren 4tik aurrera, eta bestetik, Kontzertu Handien Zikloaren hamabigarren edizioa. Horietaz gain, Dani Martinen emanaldia, martxoaren 24an, Tricicleren ikuskizuna, maiatzaren 3tik 6ra bitartean, eta Cabaret, el musical de Broadway, ekainaren 8tik 11ra, nabarmendu ditu.