'Wow' lemapean ospatuko dute Araba Euskaraz ekainaren 18an

Daniel Sanz 2016ko aza. 8a, 13:04

Gaur agerraldia egin dute Gasteizen, Ketxu Bedialauneta Bastida ikastolako zuzendariak eta Karmen Luzon ikastolako batzarraren kideak..

Datorren urteko edizioa Bastidan egingo da, eta gaia espazioa izango da.

Araba Euskaraz martxan jartzeko unea heldu da. Ekainaren 18an ospatuko dute, baina dagoeneko  hasi dira prestaketa lanak, egunean bertan eta ikasturtean zehar egingo diren ekitaldiak antolatzeko.  Bosgarren aldia izango dute Bastidan; 1989an, 2004an, 2008an eta 2012an ere han ospatu zuten.

2017rako prestatzen hasi dira, eta Arabako ikastolen jai nagusiak izango dituen goiburu eta irudia ere ezagutzera eman dituzte, orain bi aste Arabako Errioxan egindako aurkezpenean eta gaur Gasteizen egindako agerraldian. Anjel Olalde Araba Euskarazen arduradunak azaldu moduan, irudi eta goiburu "indartsu eta berritzaileekin" etorriko da hurrengo jaialdia. Hain zuzen, Wow! harridura goiburua izango du, espazio-ontzi baten irudiak lagunduta. Komunikazioarekin lotu nahi izan dituzte 2017ko goiburua eta irudia, Olalderen esanetan; euskara, eremu euskaldunetik "mundura" ateratzeko helburuarekin. Era berean,  Ikastolen Elkarteak egindako hezkuntza apustua ere irudikatu nahi izan dute, Bastida ikastolan teknologia berrien alde egindako apustua azpimarratzeko asmoz.

Jaialdiaren zirkuitoa eta abestia ere prestatzen ari dira, eta laster izango dira guztiak aurkezteko moduan. 

Familien konpromisoa

Ekitaldiak prestatzeko, hamaika lagunen beharra izango dute datozen hilabeteotan, eta hasi dira dagoeneko lan batzordeak antolatzen jarduera guztiak egoki kudeatzeko. Ikastolako langileekin batera, 120 bat familiak lagunduko dute ekitaldian.

Hezkuntza komunitatea elkarlanean "batzea" ere garrantzitsua izango da, Olalderen arabera, proiektuaren azken helburua lortzeko bidean: ikasleen formakuntza osoa eta egokia.  

Bastida ikastolak hainbat zailtasun dituztela gogoratu dute, ekonomikoak tartean, eta horretarako laguntza osoa beharrezkoa izango dutela nabarmendu dute. Diruz lagundu ahal izateko, denda bat ireki dute Bastidan bertan, larunbatetan zabalik dena, eta laster izango dira Araba Euskarazen webgunean ere salgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago