Bioaraba azoka egingo dute asteburuan

Estitxu Ugarte 2016ko aza. 2a, 17:28

Azaroaren 4tik 6ra bitartean produktu ekologikoen, bizimodu osasungarriaren eta kontsumo arduratsuaren Bioaraba azokaren laugarren edizioa izango da, Iradier Arenan; guztira, 70 bat erakusketari bilduko dira.

 

Produktu ekologikoak, bizimodu osasuntsua eta kontsumo arduratsua protagonista izango dira Iradier Arena aretoan ospatuko den Bioaraba azokan, azaroaren 4tik 6ra bitartean. Azokak produktu, enpresa eta zerbitzu berriak biltzeko eta publikoari aurkezteko balioko du; arlo anitzetako 70 erakusketari elkartuko ditu.

Ekitaldiaren sarrera doakoa da; 10:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 22:00etan itxi, asteburu osoan. 2014. urtean egin zuten lehen azoka eta 20.000 lagun inguru bildu ziren bertan. Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Vital Fundazioak parte hartzen dute ekimenean.

Gune desberdinak izango dira Bioaraban. Jaki ekologikoek espazio zehatza izango dute; bertan dastatu ahal izango dira barazkiak, gaztak, frutak, ogiak, gozokiak, kontserbak, haragia, ardoa, sagardoa, txakolina, koipeak eta marmeladak. Toki berean sukaldaritza osasuntsua, arduratsua eta merkearen erakustaldiak egingo dituzte Gasteizko zenbait jatetxetako sukaldariek. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko kideekin batera, Espainiako zenbait erkidego autonomikoen ordezkariek euren produktuak eta tailerrak antolatuko dituzte bertan.

Bigarren gune batean elkartuko dira, besteak beste, bio-eraikuntza, energia iraunkorra, garraio jasangarria, eko-turismoa, kosmetika eta garbitasun naturala, terapiak, osasuna eta bidezko merkataritzarekin lotutako ekimenak, produktuak eta enpresak.

Hitzaldi sorta

Halaber, Iradier Arenaren ondoko gela batean hainbat gairen inguruan hitzaldiak eskainiko dituzte zenbait adituk. Hitzaldi motzak izango dira, eta oso bisualak. Igeltsu naturalaren ezaugarriak azalduko dituzte, besteak beste, argiaren fakturan aurrezteko aholkuak emango dituzte, eta shiitake zizak sukaldatzeko moduak azalduko dituzte.

Etxeko txikientzat hainbat ikastaro eta jarduera prestatu dituzte ere Bioaraban; naturaren funtzionamendua ezagutaraziko diete eta baratzeko lanak nola egiten diren, besteak beste. Ekimena elikadura osasuntsua sustatzeko asmoarekin jarri dute martxan antolatzaileek, eta haurren obesitateari aurre egiteko.

Bioaraba egitasmoaren aurkezpenean, Jose Miguel Knorr azokaren lehendakariak ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du, eta parte hartzeko deia egin. Josune Albizu Vital Fundazioaren zuzendariak azaldu duenez, fundazioak bat egiten du azokak sustatu nahi duen helburuarekin: produktu ekologikoa, bizimodu osasungarria eta kontsumo arduratsua, eta guztia ere ingurumenarekiko errespetuz. "Horretan laguntzen jarraituko dugu, lurralde osorako gure jarduera-ildoen bitartez. Hitzaldiak, sukaldaritza-erakustaldiak eta haurrentzako lantegiak eskainiz lagunduko du Vital Fundazioak, guztiak ere Bioaraba azokaren esparruan bertan".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide