ELA sindikatuak Gasteizko osasun-zentro guztietako pediatria-arretaren "gainbehera" salatu du, "Osakidetzaren utzikeria dela-eta". Ohar baten azaldu duenez, medikuak eta erizainak ez dira nahikoak haurrak behar bezala artatzeko.
Sindikatuak gogorarazi duenez, orain dela bi urte sindikatuek, elkarte zientifikoek zein lehen arretako profesionalek egoera konpontzeko premiazko eta berehalako neurriak hartzeko eskatu zioten Osakidetzari. Gaur egun, ordea, sistema “kolapsatuta” dagoela salatu du sindikatuak. Salburuko Osasun Zentroan, esaterako, pediatria zerbitzuko langileen %50a bajan dago, "Osakidetzak langileengan egiten duen presio itzelagatik".
Ildo horretan, Osakidetzaren "arduragabekeria" kritikatu du, langileak kontratatzeari eta ordezkatzeari dagokionez. Elaren arabera, langileen laneratze-ezak ez dira betetzen, eta horren eraginez, estresarekin lan egiten dute. Gainera, buruek eskatuta, "artatu ezin dituzten umeak Larrialdi Zerbitzuetara bidaltzen dituzte".