Pasa den astean, nutrizio eta endokrinologia arloko kongresu garrantzitsua egin zen. Antolatzaileak estatu mailan nutrizioan eta endokrinologian zeresan handia duten elkartekideak izan dira, eta beraz, arloko edozein profesionalek haiengana joko du edozein zalantza izaterakoan.
Gure sorpresa, edo hobe esanda bertara hurbildu ziren lankideen sorpresa, kongresuaren babesletza, besteak beste, Coca Cola enpresaren esku geratzen zela ikustea izan zen. Hainbat aldiz ingurugiroa kaltetzeagatik eta giza eskubideak urratzeagatik salatua izan den enpresa honek, edota elikadurari dagokionez, azukrea tonaka erabiltzen duen erakunde honek, zuzeneko hitzarmenak ditu administrazioekin, eta are larriago izan daitekeena, osasun arloko administrazioarekin. Zoritxarrez, ez da salbuespena eta antzeko produktuak ekoizten dituzten enpresa ugarik dauzkate izaera horretako akordioak erakunde publikoekin.
Jakin badakigu, azukre zuria izenez ezagutzen dugun hautsa (izen teknikoa sakarosa: glukosa + fruktosa) azkeneko urteetan diabetesa bezalako gaixotasunen handitzearen zuzeneko errudunetariko bat izan dela. Esaterako, 1980. urtean mundu osoan 108 milioi pertsona heldu zegoen diabetesak jota, 2014. urtean berriz, 422 milioi.
Menpekotasun moduko bat sortzen du azukreak eta gure gorputzak gero eta gehiago nahi izatera bultzatzen gaitu. Are eta azukre gehiago kontsumitu, gure goxo-ataria gero eta altuagoa izango da, eta ondorioz, gero eta azukre gehiago kontsumitzera behartuko dugu geure burua. Orduan, zein interes egon daiteke itun hauen atzetik? Ez dugu gehiegi pentsatu beharrik, ezta?
Halaber glukosa beharrezkoa dugu bizitzarako, gure burmuinak molekula honen beharra baitauka modu egokian funtzionatzeko. Non bilatuko dugu bada beharrezkoa daukagun energia hori? Karbohidrato konplexuetan: zerealak (irinak barne), lekaleak, ogia, pasta eta tuberkuluak. Elikagai hauek, energiaz gain, zuntza eta beharrezkoak ditugun mineral zein bitaminak ere ematen dizkigute. Eta zerealen kasuan, osoak hartzen baditugu (ez finduak), jasoko dugun zuntz, bitamina eta mineral kantitatea bikoiztu egingo dugu.
Gure eguneroko dietaren %50-55a karbohidrato konplexuez betea egon behar da. Bestelako karbohidratoak (gozokiak, azukrea… ), sinpleak deritzogunak, egoera puntualetan hartzekoak izango dira, ez egunerokoan.
Informazio guztia eskutan izanda, norberak erabaki dezala zer kontsumitu!