Dispertsioaren ondorioak gizarteratzeko Arabako Bira antolatu du Etxeratek

Erredakzioa 2016ko urr. 27a, 11:36

Azaroaren 3tik 13ra, jarduera anitz antolatu dituzte Arabako zenbait herritan, "elkartasuna landu eta dispertsioa salatzeko".

"Dispertsio politikoak gure herrialdean gizarte sektore bati eragiten dizkion ondorioak gainontzeko pertsonei aurkezteko beharrarengatik" abian jarri du Etxeratek Arabako Bira. Azaroaren 3an hasiko da Andre Maria Zuriaren plazan, arratsaldeko 18:00etan elkarretaratze batekin. Amaiera, aldiz, Trebiñun izango da, hilaren 13an egingo duten ekitaldiarekin.

Arabako Birak Amurrio, Langraiz Oka, Pobes, Zaitegi, Izarra, Murgia, Laudio, Miranda de Ebro, Oion, Maeztu, Dura, Dulantzi eta Agurain bisitatuko ditu, besteak beste. Bertan, ekimen ezberdinak izango dira: hitzaldiak, auto-martxak, informazio banaketa, pilota partidak eta elkarretaratzeak.

"Gizartea informatzeko gure lanari bultzada berri bat eman nahio diogu bira honekin, euskal gizarteari normalizazio, bake eta biolentziarik gabeko bidean aurrera egitea oztopatzen dioten dispertsioaren ondorioak ikusgai jarri", azaldu dute Etxerateko kideek Foru plazan egin duten agerraldian.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago