XXI. mendeko musikaren aniztasuna zabaldu nahi duen Bernaola jaialdia bueltan da, Carmelo Bernaola (1929-2002) Gasteizko Kontserbatorioko zuzendari izandakoaren izena hartzen duena. Dantza eta inprobisazio elektroakustikoa aurkitzen dira, besteak beste, aurtengo proposamen berritzaileen artean. Guztira, hamalau jarduera antolatu dituzte, eta hainbat agertoki hartuko ditu jaialdiak; Artium, Jesus Guridi musika kontserbatorioa, Arte Ederren museoa eta Araiako Andra Mari aretoa, hain zuzen ere.
Bertako sortzaileak
Hala, sorkuntza berriko musika ezagutzeko hitzordu ezinhobea izango dute musikazaleek. Izan ere, bertako zein kanpoko musikariak eta sortzaileak bilduko ditu hamahirugarren edizio honek, tartean, artista arabarrak; Zuriñe F. Gerenabarrena konpositorea, Alfonso Gomez piano-jotzailea eta Espainiako Dantza Sari Nazionala lortu zuten Damian Muñoz eta Virginia Garcia. Bikote gasteiztar honen lana ikusgai egongo da asteburuan Artium museoak hartuko duen Sinkro Gunean. Bertan, bitarteko elektronikoek eta informatikoek lagunduta hainbat esparrutan garatutako lana erakutsiko dute.
Bakarlari zein talde entzutetsuen kontzertuek eta musikariei zuzendutako lantegiek osatuko dute azaroaren 23ra bitartean luzatuko den eskaintza.
Egitarau oso: Bernaola jaialdia