Abian da Errigoraren udazkeneko kanpaina

Erredakzioa 2016ko urr. 24a, 17:29

Aurten bi saski izango dira aukeran: zuria eta beltza. Azaroaren 8a bitartean egin daitezke eskaerak.

Abian da Errigora ekimenaren Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka ikasturteko lehen kanpaina eta azaroaren 8ra bitartean, Nafarroa hegoaldeko produktu ezberdinez osatutako saskiak eskatzeko aukera egongo da. Beti bezala, saskiaren balioaren %25 eremu horretako euskalgintzako hainbat eragileri bideratuko zaio.

Beste urte batez Sortzen, AEK, Zazpiak Bat, Ikastolen elkartea eta Errigora eragileek bat egin dute,  udazken honetako kanpaina aurkezteko. 

Kanpainaren barruan, Nafarroa hegoaldeko kalitatezko produktuez osatutako saskiak eskaintzen dituzte 50 euroren truke. "Hamabost ekoizlek arreta eta maitasunez ondutako produktu sortak. Horixe da, kanpainan parte hartzea erabakiz gero, hartuko duzuna", azpimarratu dute sustatzaileek ohar baten bidez.

Ekimenak helburu bikoitza du. Batetik, bertako ekoizpenari bultzada ematea, eta, bestetik, saskien balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratzea.

Bi saski aukeran; zuria eta beltza

Aurten, gainera, eskaintza zabaldu egin da, gero eta ekoizle gehiagoren parte hartzeari esker. Hortaz, bi saski izango dira aukeran: zuria eta beltza. Sei produktu konpartitzen dituzte saski biek, baina gainontzeko zazpiak desberdinak dira, eta produktu berriak saski zurian pilatzen saiatu dira. "Berritasunen artean, batetik, egunerokoan sarri erabili arren, hemengoak bertakoak baditugula gutxik dakiten produktuak (arroza edo ozpina, esaterako) ditugu eta, bestetik, bertako lehengaiekin prestatutakoak (pasta, pastak, teilak...)".

Eskaera egiteko modua

Eskaera egiteko bi aukera daude;

1. Eskaera orria bete eta AEKren euskaltegietako batean (Aranan, Judimendin edota Lakuabizkarran) edota Alkartetxean (San Prudentzio kalean) entregatuz.

2. On-line egin Errigoraren web orrian.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago