Katixa Agirrek Augustin Zubikarai saria irabazi du

Erredakzioa 2016ko urr. 21a, 13:42

Amek ez dute idazten nobela-proiektua saritu dute, amatasunaren eta arte-sorkuntzaren arteko harremanaz gogoeta egin nahi duena.

Katixa Agirreren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamazazpi lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.
Amek ez dute idazten izena duen Katixa Agirreren proiektuak amatasunaren eta arte-sorkuntzaren arteko harremanaz egin nahi du gogoeta, hari detektibesko baten bidez: emakume gazte batek bere haur txikia hiltzen du, ageriko arrazoirik gabe, eta kasu horrek jakin-mina eta are obsesioa sortzen dio protagonistari: idazlea da bera, eta ama ere bai; emakume hiltzailea noizbait ezagutu zuela ohartzen da, eta horretaz idaztea erabakitzen du.

Augustin Zubikarai saria

Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zen, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Ordutik, hauexek izan dira sariaren irabazleak: Joxean Agirre, Itxaso Araque, Garbiñe Ubeda, Garazi Kamio, Jasone Osoro eta Miren Gorrotxategi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide