Arabako Babarrun Arrozinak Eusko Label ziurtagiria lortu du. HAZI Fundazioak baldintza eta prozesu jakin batzuk ezartzen ditu produktu batek Eusko Label kalitatearen bereizgarria lortzeko. Helburu nagusiak hauek dira: kontsumitzaileari kalitate maila jakin bat ziurtatzea, jatorria eta benetakotasuna identifikatzea, ekoizleen lana babestea eta kalitatearen kultura sustatzea, horretarako etengabeko hobekuntza sistemak aplikatuz.
Produktu batek Eusko Label ezaugarria lortzeko prozesua neketsua da. Aurretiaz egin beharreko zeregin batzuk daude, hala nola ekoizpen eta eraldaketa sektorearen azterketak, merkaturatze kanalenak eta merkatuarenak, baita produktuaren izaera berari buruzkoak ere. Azterketa horietatik abiatuta, bere ezaugarri guztiak araudi batean zehatz-mehatz definitzen dira, baita ekoizteko, merkaturatzeko, ontziratzeko eta etiketatzeko modua eta kontrol sistema ere.
Arabako Babarrun Arrozina
Arabako klimatologia oso egokia da lurraldean produktua landatzeko. Alea txikia da, arrautza forma du, kolorea zuri krema da, fina, azal gutxikoa, erraz prestatzen da eta oso digestiboa da, fekula gutxi duelako. Lekalea aberatsa da proteinatan, karbono hidratotan, mineraletan eta B bitaminan.
Zaporeagatik dira ezagunak, modu tradizionalean ekoizten dira eta zorrotz hautatzen dira kolorearen eta neurriaren arabera, kontsumitzaileari oso produktu homogeneoa eskaini ahal izateko.
2016ko kanpainan 16 ekoizle daude inskribatuta, 41,63 ha landuta. Guztira 61.168 kilo Arabako Babarrun Arrozina jaso dira, eta aurreikusten da horietatik 45.876 kg ziurtatu ahal izango direla Arabako Babarrun Arrozina Eusko Labeldun moduan.