Gasteizko Udalak, Arabako Batzar Nagusiek eta Arabako Foru Aldundiak kereila kriminala aurkeztu dute gaur Gasteizko Justizia Jauregian, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izan zen "sarraskiagatik". Neurri honekin, Arabako erakundeek egun horretan jazo ziren "erantzukizun penalak eta bestelakoak" zeintzuk izan ziren argitu nahi dituzte.
Arabako Batzar Nagusiek eta Foru Aldundiak kereila bateratua aurkeztu dute, eta Udalak berriz bere izenean egin du. Gasteizko Udalak testu bat onetsi zuen 2016ko martxoaren 18ko ohiko bilkuran. Bertan, Espainiako epaitegietan ekintza judizialei hasiera emateko asmoa agertu zuen, "gertakariak argitu ahal izateko eta dagozkien erantzukizun penalak eta bestelakoak eskatzeko, frankismoaren diktadurak gizateriaren aurka egindako krimenei buruz, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia barne”.
Arabako Batzar Nagusiek, berriz, testu berbera onetsi zuten 2016ko apirilaren 27ko osoko bilkuran. Arabako Foru Aldundiak, azkenik, eskaera bera berretsi zuen ekainaren 7ko Diputatuen Kontseiluak.