Eguneko Ospitale berria Txagorritxu eraikineko beheko solairuan dago kokatuta, lehen kanpo kontsultak kokatuta zeuden lekuan, hain zuzen ere. Eguneko ospitale berriak zaharraren edukiera hirukoizten du eta bertan, bost milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte.
"Ospitale berriak miaketarako eta tratamendurako teknikarik puntakoenak ditu, eta, horren ondorioz, pazienteen eta profesional sanitarioen segurtasuna, eraginkortasuna eta erosotasuna areagotuko dira", azpimarratu du gaurko inaugurazioan Iñigo Urkullu lehendakariak. Aldi berean, azpimarratu du Araba Unibertsitate Ospitalea Osakidetzako sareko aitzindaria ere izango dela, zain barneko kimioterapia segurua emango duelako sistema informatikoaren bidez.
Iaz, Eguneko Ospitale Medikoak eta Onko-hematologikoak hilean 1.770 lagun artatu zituzten batez beste. Biek sarbide bera dute Txagorritxuko kanpo kontsultetako antzinako sarreratik.
Ospitale medikoa
Bihartik abian egongo den eguneko Ospitale medikoa onko-hematologikoaren antzera dago egituratuta eta besteak beste, 22 box; teknika eta tratamendu berezietarako banakako lau logela; medikuntzako eta erizaintzako hamar kontsulta (Minaren Unitateko hiru, Alergologiako bi eta zenbait espezialitatetarako erabilera anitzeko bost) izango ditu. Eguneko Ospitale Medikoan, paziente anbulatorioak artatzen dituzte ospitaleko hainbat zerbitzutako tratamenduak behar dituztenean. Halaber, Minaren Unitateak ere bi kontsulta mediko eta bereizmen handirako erizaintzako kontsulta bat izango ditu.
Bestetik, ospitale onko-hematologikoak Onkologia Medikoko eta Onko-hematologiako zerbitzuen kontsulta behar duten pazienteei emango die arreta, baita prozedura diagnostiko eta Terapeutiko onko-hematologiko inbaditzaileen edo zain barneko tratamendu kimioterapiakoen premia dutenei ere. Ospitale hau abuztutik abian dago eta honako atalak ditu, besteak beste: banakako 23 box; teknika eta prozedura inbaditzaileetarako banakako sei logela eta 12 kontsulta mediko.
Errehabilitazio kardiakorako unitatea
Bestetik, Urkullu lehendakariak Araba ESIko Errehabilitazio Kardiakorako Unitate berria ere bisitatu du, Eguneko Ospitalearen ondoan kokatuta dagoena. Puntako unitate horrek teknologia aurreratuena eskaintzen die bihotzeko gaixotasunak dituzten paziente arabarrei, arretaren kalitatea askoz hobea izan dadin. Mihotz-hodietako gaixotasunak gizonen bigarren heriotza-arrazoia dira minbiziaren ostean; eta, emakumeen artean, ordea, lehenengoa. Hori dela eta, unitate berri hori oso garrantzitsua da, errehabilitazioa funtsezkoa delako infartuaren eta bihotz-gutxiegitasunaren ostean.