Arabako Foru Aldundiak iragarritako hobekuntzak honako linea hauetan zehaztuko dira:Araba Erdialdeko 1, 3, 4, 6 eta 13 lineatan (Gasteiz/Zigoitia, Aramaio/Arrasate, Gasteiz/Narbaxa, Gasteiz/Kanpezu/Lizarra eta Gasteiz/Langraiz Oka/Bóveda), eta Arabako Errioxako 7, 8 eta 9 lineatan (Gasteiz/Lagran, Logroño/Oion/Guardia eta Gasteiz/Logroño).
Halaber, Arriola, Gordoa eta Galarreta herriei autobus zerbitzua emango zaie, eta neguko hilabeteetan ere Urizaharra herrian ohiko zerbitzuari eutsiko zaio eta maiztasun handiagoak jarriko dira.
Erabakia hartu dute bidaiari kopuruak % 21 egin duelako gora urtarriletik irailera bitartean."Urtarriletik irailera bitartean, guztira 499.923 bidaiarik erabili du foru garraioa, 2015ean aldi horretan baino % 21 gehiagok", esan du Garraio diputatu Josu Lopez Ubiernak.
Bestalde, Lopez Ubiernak hiru mugarri finkatu zituen Arabako Mugikortasunaren Plan Zuzentzailearen garapenean. Urtea amaitu baino lehen Bilbo-Logroño linea berria abian jartzea, maiztasun handiagoarekin eta prezio merkeagoarekin; 2017. urte hasieran Miranda/Gasteiz/Durango linea lizitatzea, funtsezko hobekuntzak sartuta; eta datorren urtean eskualdeko garraio zerbitzu berria lizitatzea.
Halaber, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren saileko foru diputatuak iragarri du datozen hilabeteetan gailu mugikorretarako aplikazio berri bat martxan jarriko dutela, foru garraioaren erabiltzaileei aukera emango diena geltoki bakoitzean hainbat lineatako autobusen pasoko denborak zein diren jakiteko.