Hasi berria da Baskonia eraberrituarentzat denboraldia eta, iazko taldearekin alderatuta, aurpegi ezagun gutxi topatuko dituzte zaleek kantxan. Makina bat lan egin behar izan dute Zurbaoko bulegoetan iazko arrakasta errepikatu ahal izateko multzo berri bat osatzen. Halere, behin baino gehiagotan erakutsi dute ahalmen hori Alfredo Salazar idazkari teknikoak eta Josean Kerejetak zuzentzen duen lantaldeak. Aurtengoa apustu gogorra izango da, aldaketaz jositakoa.
Oraingoz, eta behin behineko egoera bada ere, taldearen izena bera izango da lehen aldaketa nabarmenena. Ez dugu berriz ikusiko Laboral Kutxaren izenik, ezta askoren buruan oraindik arrastoak utzi zituen TAU edo antzekorik. Baskonia da aurtengo taldearen izena eta hori ikusiko dugu euskarri ezberdinetan babes ekonomiko garrantzitsua mahai gainean jarriko duen enpresarik azaltzen ez den bitartean.
Jokalarien lana zuzentzen jardungo duen talde teknikoa ere ia erabat berritu dute aurtengo udan eta horien guztien buru Sito Alonso entrenatzailea. Erronka zaila izango du bere ibilbidea Badalonako Joventut taldean hasi zuen madrildarrak talde lehiakorra hutsetik eraikitzeko lan honetan. Bere gaitasuna aldez aurretik frogatu izan du beste zenbait taldetan eta arrazoi horregatik Baskoniak aspaldi zuen begiz jota Aito Garcia Renesesen ikasle izandako entrenatzailea. Halere, Euroliga bezalako lehiaketa gogor batean eskarmentu gutxi dauka eta horri aurre egiteko gai dela frogatu beharko du berandu baino lehen.
Aurpegi berriak kantxan
Aurtengo denboraldian aurpegi berriz jositako talde gaztea izango du Baskoniak. Iaz zaletuen ahotan borborrean zeuden Bourousis, Adams, James, Caseur eta konpainiak ibilbide berria hasi dute Gasteiztik urrun. Gehienen kasuan, iaz lortutako emaitza onek ateak ireki dizkieten kontratu dirutsuagoak baliatuta. Horien ordez, batez beste 24 urte besterik ez dituen jokalari taldeak hartuko du testigua; aurten Euroliga zein ACB lehiaketan dagoen talderik gazteena da.
Bargnani italiarra da gazteen artean salbuespena, Gasteiztik harago, udan Europa osoan izandako fitxaketen artetik entzutetsuenetakoa izan da berea. 31 urte betetzear dituen jokalari mediatikoa da Il mago. Ez da ohikoa izaten NBAko draft-ean lehen postuan aukeratutako jokalari bat kontinente zaharrera jokatzera etortzea eta AEBn hamar urteko ibilbidea egin ostean, inork gutxi jarriko du zalantzan bere gaitasun tekniko eta eskumutur fina. Ez pentsa halere, Bourousisen ordezkoa izango denik. Bere jokua bestelakoa da, kalitatez josia eta distantzia erdira geldiezina. Halere ez da odol beroko jokalaria, ezta saski azpiko joku zikinean lehiatuko dena eta horrek Baskoniaren izaerarekin bat egingo ote duen da zalantzarik handiena.
Taldearen gidaritza lana ere umezurtz geratu zen Adams eta James estatubatuarrek bide berriak hartu zituzten momentutik, eta beraien lekukoa antzeko ezaugarriak izan ditzaketen bi jokalari berrik hartuko dute. NBAn hiru urtez jokatu duen Shane Larkin antolatzaileak aurre-denboralditik erakutsi du bere saskiratzeko dohaina. Gainera, azken bi urteak Bargnanirekin batera egin ditu Knicks eta Nets taldeetan, alde horretatik elkar ondo ezagutzeak abantailak izan ditzake kantxan. Interes handia piztu duen beste joko antolatzailea, edo eskolta, Beabouis frantziarra da. Urte asko darama munduko toki ezberdinetan zaletuak bere jokuarekin gozarazten. Aspaldi Baskoniak bilatzen duen killer hori izateko asmoz iritsi da Gasteizera.
Izar handi izan daitezkeen jokalari hauekin bat egingo dute etorri diren beste hainbat jokalarik. Voigtmann pibot alemaniarrak uztai azpiko jokoa indartuko du, Rafa Luz joko antolatzaile brasildarrak batzuetan horren beharrezko den kontrol eta defentsan lagundu dezake, aurredenboraldian laguntzeko etorri zen Cooney jaurtitzaileak bere tokitxoa lortu du taldean, eta Sedekerskis 18 urteko harribitxiak uste baino lehenago izango du lehen taldearekin lehiatzeko aukera.
Jokalari berriei Baskoniaren izaera zer den erakutsi eta iaz lortutako garaipenei jarraipena ematen erakusteko ardura iaztik bizirauten duten taldekideek izango dute. Adam Hanga kapitain izendatu berriak iazko mailari eusten badio Europako talde boteretsuenen interesa piztuko du berriz ere. Shengeila eta Kim Tilliek ardura gehiago hartu beharko dute taldearen jokoan eta beti borrokarako prest izango dira Jaka Blazic eta Diop gerlariak.
Euroliga formatu berria
2016-2017 denboraldiak berrikuntzak beste zeinbait arlotan ere izango ditu. Euroligak ikuskizuna areagotzeko apustu garbia egin du azken urteotan eta oraingoan lehiaketa formatu berria estreinatuko du. Berrikuntza aipagarriena hasierako fasean aurkituko dugu. Honezkero lehiaketa ez da multzotan banatuko eta talde guztiek elkarren aurka jardun beharko dute, 16 talde nor baino nor lehian. Gasteizen ikusi ahal izango ditugu hortaz Europako talde handi guztiak. 30 jardunaldiren ostean, 8 talde onenak bakarrik sailkatuko dira playoff-etarako eta hauetatik lau taldek osatuko dute ohiko finalfour-a. Garaileak aurten milioi bat euroan ezarri den saria izango du zain.
Formatu berri honek, zenbait astetan bi partidu jokatu beharra suposatuko du eta taldeak gehiago estutuko ditu. Jokalarien errotazioak eta denen ekarpena, beraz, ezinbestekoak izango dira aurten. Halabeharrez, honek eragina izango du pixkanaka gainbehera datorren ACB lehiaketan.
Jordi Bertomeu kataluniarrak zuzentzen duen txapelketak hazten jarraitzen du, jokoa bizitzeko arauak aplikatuko ditu (jokoa mozteko asmoz eginiko falta taktikoak kirol kontrako adieraziko dira), kantxa guztien itxura estetikoa bateratzera behartu ditu taldeak, babesleen irudia bereziki zainduko da... dena da gutxi ikuskizunaren mesedetan eta Baskoniak elite horren parte izaten jarraitu nahi du. Aurtengo jomuga Istanbulen jokatuko den lauko finala izango da beste behin.