Gasteiztarrak Arraun The World 2016ko lehiaketako irabazleak Aizkoa Madinabeitia eta Ion Etxebarria; Ibon Marcos eta Diego Gomez; Amaia Mintegi eta Eneko Diaz de la Barcena; eta Jon Gil izan dira.
Lan irabazleek Banda uharteetara (Indonesia), Marokora, Greziara eta Euskal Herriko kostaldeko txoko desberdinetara eraman gaituzte. Guztira, 20 lan aurkeztu dira eta besteak beste, aipatutako herrialde horiez gain Kolonbiara, Irlandara, Eskoziara, Frantziara, Finlandiara edo Bielorrusiara bidaiatzeko aukera eskaini digute.
Aurten publiko gaztea erakartzeko xedez lehiaketa Gauekoak elkarteen federaziorekin elkarlanean antolatu da. Epai-mahain, Txagorritxuko Zizta Euskara Taldea, GEU elkartea, Sarburu Kultur Elkartea eta Gauekoak-eko kideak eta Arte eta Lanbide Eskolako argazkilaritza irakasle bat egon dira. Aurkeztutako lanen artean egin dute aukeraketa eta saria (asteburu pasa kulturala Durangoko azokan) bi kategoriatan banatu da. 30 urtetik gorakoen atalean "Banda uharteak: espezieen baso eta itsaso zabalaren artean" (Aizkoa Madinabeitia eta Ion Etxebarria) eta "Turbantea buruan eta ibili munduan" (Ibon Marcos eta Diego Gomez) lanak gailendu dira. 30 urtetik beherakoen artean aldiz "Greziarako karabana" (Amaia Mintegi eta Eneko Diaz de la Bárcena) eta "Malkoak baino gaziago" (Jon Gil).
Saritutako lanetako hainbat argazki ikusgai egongo dira urriaren 5etik azaroaren 1era Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan jarriko den argazki erakusketan.
Horrez gain, lan sarituen aurkezpen publikoak egingo dira urrian zehar. Zehazki urriaren 18an Orient Express tabernan "Greziarako karabana" esperientzia azalduko dute Mintegik eta Diaz de la Bárcenak Zizta Euskara Taldekoekin elkarlanean antolatutako aurkezpenean. Urriaren 20an Aizkoa eta Ionen txanda izango da. Geu elkartearekin batera antolatutako hitzaldian “Banda uharteak: espezieen baso eta itsaso zabalaren artean” diaporama eskainiko dute alde zaharreko Hala Bedi tabernan. Hilaren 25ean “Turbantea buruan eta ibili munduan” izenpean Marokoraino bidaiatzera gonbidatuko gaituzte Ibon Marcos eta Diego Gomezek. Sarburu Kultur Elkartearen ekimenez antolatako hitzaldia Salburuako Koxka tabernan izango da. Azkenik 27an Jon Gilek “Malkoak baino gaziago” lana aurkeztuko du. Euskal Herriko txoko desberdinetan zehar egindako argazkiez osatutako proiektua Itziar Elkarteen Etxean aurkeztuko da Gauekoak-en bitartez. Aurkezpen guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira.
Erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazenen artean Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia eta gosaria zozkatuko da (denboraldi baxuan, zubietatik eta udatik kanpo). Zozketan parte hartzeko erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo diren eskuorria bete beharko da. Zozketa azaroaren 2an izango da.