Herriko plazan, mendian zein telebista platoan, makina bat bizipen ditu Iñaki Perurenak (Leitza, Nafarroa, 1956), eta horiek josi eta kontatzeko trebezia ez zaio falta, joan den asteko Solasalean elkarrizketa saioan erakutsi zuen bezala. Harri-jasotzailea, harakina, olerkaria, aktorea, historia zalea eta museoko arduraduna, besteren artean, probatu eta ikasteko asmoz beti, Oihaneder Euskararen Etxean bildu ziren entzuleei kontatu zien moduan.
Ogibide horien artean, Iñaki non dago erosoen?
Zerrenda luze xamarra jarri didazue eta nik hitz batean esango nuke: harri-jasotzailea. Gurasoengandik lanaren kultura jaso nuen txikitatik, indar fisikoa mirestu egiten zen orduan eta aitonak ere istorio politak kontatzen zizkidan, indartsuen ingurukoak, sekulako zamak hartzen zituztenenak. Mutil koxkorra nintzenean egunero entzuten nituen istorio horiek eta harriekin amesten hasi nintzen, nire barruan harriari tokitxo bat egiten. Hamazazpi urterekin hasi nintzen harriak jasotzen, aizkolari ibili eta gero, eta duela hiru urte esan zidan medikuak hobe nuela harria alde batera utzi. Zer egin pentsatu nuen orduan, horrenbeste poz eman didan harriarekin zer egin; beste modu batera bizi dut gaur egun, baina harri-jasotzaile sentitzen naiz.
Harriek izaki bizidun gisa izena ere omen dute, zer duzu kontatzeko izena duten harriez? Zenbat halako jaso dituzu?
Harri guztiak harkaitz puska bat dira, baina berehala nortasuna hartzen dute, eta harri bakoitzak izen bat du eta mundu bat. Eta gure bizitzan ere zer esanahi asko izan duten harriak ditugu; ni behintzat jaio eta laster harri baten gainean bataiatu ninduten, gero konturatu nintzen batzuk armarriz osatutako etxeetan jaiotako seme-alabak zirela, norbaiti oroitarria egin ziotela izandakoagatik edo egindakoagatik, bizitzan aurrera egiteko ere oinarri sendoak edukitzea komeni zela esan ziguten, konturatu ginen bizitza mugarriz beteta dagoela, eta bizitza bukatutakoan mugarririk astunena gainean jarriko digutela, inork jaso ez duen harria, alegia: hilarria.