Erronkak


Rober Gutiérrez

Gureaz Blai - 2016 / 10 / 03

Hauteskundeak pasa dira EAEn. Kanpainan euskara hizpide izan dugu zenbaitzuek hedatutako bideo eta adierazpen bidegabeei esker. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, aurrera egiteko eta gure komunitatearen ongizatean eragiteko proposamenak eta diskurtsoak gizarteratu beharrean, ustez gaindituta zeuden marko diskurtsiboak eta ika-mikak berpiztu dituzte. Oraindik ez dira jabetu hiztun komunitatearen ongizatea handiagoa izango dela euskaraz bizi bada.

Legealdi oso bat izango dugu aurrera joateko. Jar gaitezen, bada, epe ertain-luzera begira. Alor sozioekonomikora mugatuko naiz, lan mundura. Euskara eremu sozioekonomikoan txertatzearen garrantziaz eta estrategikotasunaz maiz hitz egin izan dugu foro desberdinetan, eta seguru nago EAEko hurrengo gobernuarentzat ere lehentasunezko esparrua izango dela.

Egin dezagun itun bat. Administrazioarekin batera, enpresek, sindikatuek, kontsumitzaileek eta, nola ez, esparru honetan aritzen garen erakundeok.

Kanpainan zehar hizkuntza politika garatzeko hainbat proposamen plazaratu dira, urte hauetan guztietan gizarte erakundeen eta instituzioen lanari esker lortutakoa finkatzeko, aurrerantzean urrats sendoagoak egiteko eta euskararen ezagutza eta erabilera alor sozioekonomikoaren espazio guztietara hedatzeko, epe zehatz batean. Epeez ere hitz egin izan baita kanpainan zehar, euskararen normalizazio prozesua hasiera eta amaiera izan behar dituen prozesua baita. Bestela, gure seme-alabak oraingo egoera berean egongo dira ikasketak bukatu eta lan mundura jauzi egiten dutenean. Has gaitezen, bada, etorkizuna irudikatzen. Has gaitezen marko horretara iristeko erronkak, ibilbidea eta epeak ezartzen. Pertsonak helburu. Euskaraz bizi eta euskaraz lan egin nahi duten pertsonak helburu.

Adibidez, egin dezagun lan datozen urteotan alor sozioekonomikoan ere baldintza sozial, politiko, juridiko eta ekonomiko egokiagoak izateko. Aritu gaitezen elkarlanean, elkarri aitortuz esparru honetan bakoitzak duen garrantzia. Partekatu dezagun ikuspegi estrategikoa. Askotan esan izan dugu prozesu honek konpartitua izan behar duela eta, kasu horretan, eremu sozioekonomikoko eragile guztiek bere ekarpena egin behar dute. Egin dezagun itun bat. Administrazioarekin batera, enpresek, sindikatuek, kontsumitzaileek eta, nola ez, esparru honetan aritzen garen erakundeok. Nabarmendu nahiko nuke lan munduan euskararen erabilera areagotzeko lan egiten duten aholkularitzek eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea bezalako entitate batek urte hauetan guztietan urratu duten bidea, abiatu dituzten proiektuak eta sortu dituzten tresnak, ahalegin eta inbertsio handia eginez, askotan, administrazioen laguntzarik eta babesik gabe.

Beharrezko egin behar da euskara. Balioa eman behar zaio.

Horra hor beste erronka bat datozen urteotarako: alor honetan aritzen diren euskalgintzako erakundeekiko elkarlana eta proiektuekiko osagarritasuna bideratzea, bikoizketak ekidinez, eraginkortasuna areagotzeari begira. Sektorea egituratuz eta indartuz gero, emaitzak hobeak izango baitira.

Aipatutakoekin lotuta dagoen beste erronka bat: EAEz ari bagara ere, Euskal Herri osoan alor honetaz ikuspegi partekatuarekin arituko den gune bat behar da, lurralde mailako estrategia lantzeko.

Euskara beharrezko egitea. Horra hor beste erronka bat aurrera begira. Gaur egun euskarak alor sozioekonomikoan duen balioa nahiko mugatua da, baina posiblea da euskararen balioa handitzea. Hori, noski, ez da erakunde edo enpresa bakar batek beste inoren laguntzarik gabe egin dezakeen lana. Ereduak erakutsi behar dira, enpresa traktoreen adibideak. Biderik eraginkorrena praktika bera da.

Egiteko modu berriak behar dira, epe zehatzetan emaitza hobeak lortuko baditugu.

Praktikarekin eta eredugarritasunarekin zerikusia duen beste erronka bat, oso epe motzean bete litekeena: Administrazioaren kontratazio eta esleipen mota guztietan hizkuntza irizpideak ezartzea eta aplikatzea. Hainbat instituziotan gertatzen ari den bezala, euskarari bere balioa aitortzea sail guztietako hitzarmenetan (baldintza batzuk ezarriz, Bikain agiria zein Bai Euskarari Ziurtagiria balioetsiz). Jakin nahiko nuke administrazioek zenbat plegu argitaratzen dituzten eta horietatik zenbatetan baloratzen duten hizkuntzaren irizpidea. Beharrezko egin behar da euskara. Balioa eman behar zaio.

Kontsumitzailea eta erabiltzailea naizen aldetik, nire hizkuntza eskubideak bermatzea eta legedia betearaztea. Lanbide Heziketa, unibertsitatea eta lan munduaren arteko lotura areagotzea... Erronka handiak ditugu epe ertain eta luzera begira. Egiteko modu berriak behar dira, epe zehatzetan emaitza hobeak lortuko baditugu.

 

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago