Emakume errugbilarien topaketa egingo dute asteon Gasteizen

Erredakzioa 2016ko urr. 3a, 13:48
Berdintasunerako zinegotzi Jaione Aguirrek eta partzuergoko lehendakari Luis Intxauspek aurkeztu dute proiektua.

Ostiralean, erakustaldia egingo dute Plaza Berrian. Asteburuan, Euskal Herriko Emakume Errugbilarien Txapelketa egingo dute Gamarran.

Aste honetan Emakume Errugbilarien I. Topaketa egingo da Gasteizen, hainbat jardueraren bidez emakumeek kirolean duten papera aldarrikatzeko. Gaurtik hasita urriaren 8ra arte garatuko da ekimena, Gasteizko Udalaren eta Udalbiltza partzuergoaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker.

Batetik, gaurtik larunbatera arte, Euskal Herriko emakume errugbilarien argazki erakusketa ikusi ahalko da Montehermoso kulturunean.

Asteazkenean, Hezkuntza eta Kirol Fakultateko (IVEF) areto nagusian, Hobekuntza Teknikorako Zentroak (HTZ): maila olinpikoko emakumezkoen errugbi proiektua hitzaldia emango dute goi mailako kirolarien prestatzaile fisiko eta EHUko Jarduera Fisikoaren eta Kirol Zientzien Fakultateko doktore eta ikerlari Julio Callejak, HTZko Teknikari Mari Mar Garciak eta Euskadiko Errugbi Federazioko zuzendari tekniko eta HTZ Errugbi Proiektuaren arduradun Jose Miguel Galdosek. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikasle eta irakasleei, kirol prestatzaileei, goi mailako kirolariei eta errugbilariei zuzenduta dago hitzaldia.

Ostiral goizean, Plaza Berrian errugbi zelai artifiziala jarriko da, eta Gasteizko ikastetxeetako zein errugbi eskoletako hamalau urtetik beherako umeek hastapen ikastaro batean parte hartzeko aukera izango dute. Irakasleek eta speakerrek azalduko dituzte errugbiaren arauak eta balioak.

Larunbatean, Euskal Herriko Emakume Errugbilarien Txapelketa jokatuko da Gamarrako instalazioetan: Araba, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko taldeak lehenengo aldiz arituko dira elkarrekin. Txapelketa bukatutakoan, Gaztedi taldeko Estibalitz Apiñanizen ibilbidea aitortuko da.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide