Panico taldeari buruzko hitzaldi batekin abiaraziko du Fernando Arrabal idazle eta zinemagile polifazetikoak datorren astelehenean, urriak 3, Artiumen udazkeneko jarduera-programa. Urrian zehar zinema-saioak, hitzaldiak, musika berrien Mugako eta Bernaola jaialdiak eta Proklamaren beste ekitaldi bat eskainiko dira. Udazkenarekin batera, familientzako lantegiak itzuliko dira gainera: Artium txikia eta Good Morning Artium. Eta, azkenik, 2002an hasita eta bi urtez behin antolatzen diren Arte Garaikidearen Dokumentazio-Zentroen Topaketen zortzigarren ekinaldia izango dugu aurten.
Panico taldeari buruzko hitzaldia
Fernando Arrabal espainiar idazle, nobelagile, poeta, saiakera-idazle, antzerkigile, operako libretista, artikulugile zinema zuzendari (zazpi pelikula egin ditu), margolari eta artista liburuen egilea (Salvador Dalirekin, Rene Magritterekin eta Antonio Saur-rekin batera, besteak beste) da.
Parisen, Alejandro Jodorowskyrekin eta Roland Toporekin batera sortu zuen Panico taldeari buruzko hitzaldi bat emango du Artiumen (astelehenean, urriak 3, 18:00etan).
Musika aurreratua, Mugako eta Bernaola
Udazkenean musika berrien bi jaialdi egingo dira museoan. Urriaren 21ean eta 22an, Mugako non egungo musika elektronikoko egile eta interprete ezagunenetako batzuk elkartuko diren.
Bestetik, Bernaola jaialdiaren hamahirugarren edizioa ospatuko dute, Espacio Sinkrok antolaturik. Edizio honetan dantza eta inprobisazio elektroakustikoa izango dira urriaren 28, 29 eta 30erako programatutako ikuskizunen protagonistak.
Familientzako jarduerak
Bestalde, urriko lehen asteburu horretan familientzako lantegiak itzuliko dira Artiumera: Artium txikia 3-5 urte bitarteko haurrentzat, eta Good Morning Artium, 6-11 urte bitartekoentzat.
Zinema
Zinemak protagonismo handia izango du urriko egitarauan Artiumen. Lehendabiziko asteburuan Testuinguruak zikloa amaituko da 1989. Aljerreko elkarrizketen ondoren. Delirioa eta su-etena erakusketarekin lotua eta Luis E. Pares-ek hautatutako pelikulek osatua. Larunbatean, urriak 1, Jorge Turen Si yo fuera tú, me gustarían los Cicatriz eta Kikol Grauren La más macabra de las vidas proiektatuko dira. Igandean, urriak 2, Antonio Hensen Clandestinos film luzea eskainiko da.
Hitzaldiak
Urriaren 18an, asteartean, Rogelio Lopez Cuencak Artium Bildumako artistekin egin ohi diren topaketa sailean parte hartuko du bere lanari buruz hitz egiteko, zehazkiago, Irribarrearen segada erakusketan ikusgai dauden Islands eta Welcome to Paradise lanei buruz aritzeko. Bestalde, Elba Martinez artistak eta Diego Medrano idazleak elkarrizketa bat izango dute Leopoldo Maria Paneropoetaren inguruan.
Dokumentazio Zentroen Topaketak
Artiumek Arte Garaikideko Dokumentazio-Zentroen Topaketak antolatuko ditu aurten ere. Hizlarien artean Amsterdameko Rijksmuseumen, Pradoko Museoaren, Sofia Erreginakoaren, Pariseko Historiaren Nazio-Museoaren, Sancho el Sabio Fundazioaren eta Nazio Liburutegiaren ordezkariak egongo dira, besteak beste. Topaketak hilaren 18an eta 19an egingo dira, eta izena emateko epea zabalik dago Artiumen webgunean.