Martiodan suspertutako bi sai arre askatu dituzte

Erredakzioa 2016ko urriaren 2a

Egun, Araban, 850 sai bikote daude.

Urriaren 2an, igandean, Hegaztien munduko eguna ospatu zen, hori dela eta, Aldundiak sai arre bi askatu ditu Untzagan. Araban espezie babestua da eta bi ale horiek Faunaren Martiodako Suspertegian indarberritu dira.

Bi hegazti hauek azken hiletan Martiodan indarberritu dira. Bata heldua, iragan maiatzean heldu zen orkatz edo hanka bat hautsita zuela, eta bestea txita, abuztutik izan da suspertegian, antza habiatik hegaz egin eta gero ezin itzuli eta ondorioz jan gabe eta indarge zaindu egin behar izan zen.
 
Igandeko ekintzan, gure lurraldeko hegazti adierazgarrienetako bat hobeto ezagutu ahal izan zuten bertaratu ziren guztiek.

 

 Araban, 850tik gora bikote

Araba da Euskal Autonomia Erkidegoan sai bikote gehien duen lurraldea. Zehazki, 2007an, 545 bikoteren errolda egin zen; uste da 2016an bikote kopurua 850etik gorakoa dela, lurralde osoan banatuta, nagusiki Sobronen, Valderejon, Toloño mendilerroan eta Gorobel mendilerroan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago