Mercedesen ereduak prekaritatea sustatzen duela salatu du LABek

Erredakzioa 2016ko ira. 23a, 13:38

Langileen %40ak behin-behineko kontratua duela salatu du sindikatuak. "Inoiz ezagutu den egoera onenean dago enpresa, baina ez du egun jasaten duen ezegonkortasuna sekula pairatu".

LAB sindikatuak egindako txosten baten arabera, Gasteizko Mercedes enpresak, lan zama eta egoera ekonomikoari dagokionez, "inoiz ezagutu den egoera onenean dago, baina hala ere, ez du egun jasaten duen ezegonkortasuna sekula pairatu".

Sindikatuak emandako datuek diote  Mercedes enpresak emaitza historikoak lortu dituela. "2014 eta 2015 urte bitartean, fakturazioa %25 igo da eta 2015ean 77 milioi euroko etekinak lortu ditu, 2014an baino %30 gehiago". Hala ere, langileen kostu soziala fakturazioaren %5,55 dela gaineratu du sindikatuak, "normalean, industrian %10etik eta %30era izaten denean". Gainera, 2016an eta 2017an etekinak handituko dituela aurreikusten du txosten honek. Datu hauek ikusita enpresaren eredua kritikatu du sindikatu abertzaleak: "Aberastasuna pilatzen du lan legeak errazten diotelako, sindikatu batzuk laguntzen diotelako eta erakundeek  babesten duelako".

%40a, behin-behineko langileak

Langileen egoerari erreparatuz, %40a behin-behinekoak direla oroitu du LABek, hau da, 2.000 behargin inguru (guztira, 5.000 langile dira). Multinazionalak "prekaritatean, behin-behinekotasunean eta azpikontratazioan" oinarritutako enplegu politikak dituela gaineratu du.

Azkenik, hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela azaldu du sindikatuak eta argitu du ez duela onartuko akordiorik “eskubideak galtzeko oparien truke".



ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide