Zalantzak nagusi denboraldiko lehen partiduan

Aritz Martinez de Luna 2016ko irailaren 23a

Gaur (Buesa Arena 19:00) hasiko du denboraldia ofizialki Baskonia eraberrituak, Kanaria Handiaren aurka Superkopako lehen finalerdian.

Itxuraz goizegi iritsi da urteko lehen txapelketa lehiatzeko unea. Iazko denboraldian zaletuei zorion ugari emandako jokalari askok taldetik alde egin dute (Bourousis, Caseur, Adams, James...), baita Perasovic entrenatzaileak ere. Horien ordez iritsi berriak diren izarrek eta Sito Alonso entrenatzaileak oraindik ez dute talde lehiakorra osatzeko beharrezko den entrenamendu kopurua egin ahal izan eta egoera hori gutxi ez balitz, urte hasieran ohikoak izan ohi diren lesio, zaintiratu eta gainkarga muskularrek taldea gutxieneko baliabideekin utzi dute estreinako partiduaren atarian.

Denboraldi aurreko partidu ezberdinetan Bargnani, Beaubois, Larkin eta beste fitxaketek eman dezaketen joku mailaren argi-izpi batzuk ikusi ahal izan badira ere, oraindik eraikitzen ari den taldea da Baskonia. Pasa den urtean zaletuek kantxan ikusi ahal izan zuten ikuskizuna eta aurrerantzean ikusi ahalko dena, erabat desberdinak izango dira seguruenik. Gaurtik hasita talde ia erabat berria izango da Buesa Arenan. Gasteiztarren irrika Baskonia izaera bereganatuko duten taldea berriz ere lehian ikustea izango da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago