Gasteizen ia 60 hegaztirengan eragina izan duen botulismo agerraldia kontrolpean dagoela adierazi dute Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak. Joan den abuztuaren 21ean hildako lehenengo hegaztia agertu zen Iparraldeko parkean eta geroztik, hainbat espezietako 54 hegazti hil dira Salburuko hezegunean nahiz Iparraldeko eta Arriagako parkeetako urmaeletan. Era berean, lau hegazti Martiodako Basa Fauna Suspertzeko Zentroan daude oraindik, bilakaera ona dute eta tratamenduaren ondorio egokiak ageri dituzte.
Euria eta tenperaturaren jaitsiera, lagun
Gasteizen azken egun hauetan izandako euriak eta tenperaturaren jaitsierak bi erakundeei pentsarazten diete botulismo agerraldia dagoeneko kontrolaturik dagoela, batez ere kontuan izanda irail honen 16az geroztik ez dela agertu hildako hegaztirik. Hala ere, bai Aldundiak, bai Udalak, prebentzio moduan, mantendu egingo dute Salburuko hezeguneetako eta hiriko urmaeletako jagoletza sistema.