Ai Laketek droga kontsumoaren gaineko informazioa eskaini die 200 gazte arabarri

Erredakzioa 2016ko ira. 20a, 13:47

Lonja Laket proiektuan droga kontsumoaren arriskuei buruzko hitzaldiak eman dira, sexu seguruari buruzko dinamikak eta udal araudiari buruzko informazioa eta generoari eta drogei buruzko debateak  

Vital Fundazioak eta Ai Laket elkarteak Lonja Laket proiektua garatu dute Araban azken bost hilabeteetan, gazteen lonjen aisialdirako erabilerari lotutako arriskuak murrizteko ekimena, hain zuzen ere. Ekimen horrek droga kontsumoari buruzko informazioa eta aholkularitza eskaini die 200 gazte arabar ingururi. Gainera, beste zenbait gairi buruz ere aritu dira, esaterako, segurtasuna gune horietan, elkarbizitza eta higienea, sexu seguruarekin zerikusia duten gaiak eta lege-gaiak.              

Lonja Laket ekimenak arriskua duten kontsumoak murriztea du helburu, baita gazteek lonjetan egiten duten aisialdiko droga kontsumoari dagozkion arriskuak ere. Ai Laket taldea 2009tik ari da ekimen honetan lanean, eta Europako Kontseiluak ere aitortu du lan hori, 2012an Drogen Prebentzioaren Europako Saria eman baitzien.

 Martxoa eta abuztuaren hasiera bitartean hamar lonja bisitatu ditu Ai Laket proiektuak eta prebentziorako 30 esku-hartze burutu ditu. Lonjetako lau Gasteizen kokatuta daude, hiru Laudion, eta beste 3 Agurainen. 195 gaztek hartu dute parte ekimen horretan, batez beste ia-ia hogeik lonja bakoitzean.  Generoari dagokionez, parte-hartzaileen %46 neskak izan direla azpimarratu behar da, 2015ean, ordea,%34 besterik ez ziren izan. Adinari dagokionez, nesken arteko batez bestekoa 16,1 da, mutilen artekoa, ostera, 17,9, eta parte hartu zuten nesken artean hamar besterik ez ziren adin nagusikoak.  

 Unai Perez de San Roman eta Leire Altuna koordinatzaileen arabera, "lonjen fenomenoan gazteenak gehiengoa direla egiaztatu dugu eta urtez urte taldeak aldatuz doazela, beraz, ezinbestekoa dela eremu horietan esku-hartzen jarraitzea. Gure iritziz, Lonja Laket proiektuaren arrakasta prebentzio ekintzak gazteen testuingurura egokitzen dituela da eta apustu horretan datza ekimen horren arrakasta".      

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide