Arabako herri arteko autobusak doakoak izango dira ostegunean

Erredakzioa 2016ko irailaren 20a

Autorik gabe Europako Eguna ospatzeko ekimena abian jarri du Aldundiak.

Datorren ostegunean, hilak 22, Autorik gabeko Europako Eguna ospatzeko, doakoak izango dira bidaiari guztientzat Arabako Foru Aldundiaren herri arteko autobus lineetako txartela eta zenbait herritatik geltokira joateko taxia. Mugikortasunaren Europako Astearen baitako neurri horrek garraio publikoa sustatzea du helburu, besteak beste.

 Linea horiek Gasteiz eta lurraldeko gainerako herriak lotzen dituzte, baita Arabako gainerako eskualdeak beraien artean ere. www.araba.eus/alavabus web orrian daude kontsultagai lineetako ibilbideak, geltokiak eta orduak.

 Era berean, doakoa izango da datorren ostegunean eskatu ahalako zerbitzua, landa taxi deritzona, garraio erregularrik ez duten herri txikietako herritarrak geltokirik hurbilenera eramaten dituena.

 326.000 lagunek baino gehiagok erabili dituzte aurtengo lehen seihilekoan Arabako Erdialdea, Arabako Errioxa eta Aiara emakiden lineak, iaz, 2015ean, baino %23 gehiagok, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu Josu Lopez Ubiernak emandako datuen arabera..

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago