Teodoro Olarteri omenaldia, bere hilketaren 80.urteurrenean

Erredakzioa 2016ko irailaren 19a

Olarte Arabako Probintzia Batzorde Kudeatzaileko lehendakari izan zen.

Aurreko larunbatean 80 urte bete ziren Teodoro Olarte atxilotu eta hil zutenetik. Olarte Arabako Probintzia Batzorde Kudeatzaileko lehendakari izan zen, gaur egungo Arabako Foru Aldundiaren aurretiko instituzioa, hain zuzen ere. Hori dela eta, omenaldia egin zioten larunbat goizean Gasteizen.

Batzordea Fronte Popularrak izendatu zuen, eta 1936ko martxotik uztailera bitartean hamabost kide izan zituen.  Haietatik bederatzi hil zituzten: Teodoro Olarte, Daniel Diaz de Arcaya, Antonio Diaz Moreno, Modesto Manuel Azcona, Serviliano Etcheverry, Primitivo Herrero, Casto Guzmán, Guillermo Lopez Ozaeta eta Jose Placer.  Eduardo Lafuente Bizkaiko gerra-frontean hil zen, eta bost baino ez ziren bizirik atera frankisten izutik, kartzela, erbestea eta Ardura Politikoen Auzitegiaren isunak pairatu ondoren: Julio Garcia, Juan Cruz Ruiz de Azua, José María Belausteguigoitia, Jose Castresana eta Jose Larreina.  

Ekitaldi hau omenaldi eta oroimen, haientzat eta Araban diktadura frankistak errepresaliatu zituen guztientzat izan dela adierazi du Arabako Foru Aldundiak ohar baten bidez. Izan ere, Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok adierazi du "urrezko aukera bat" galdu dutela "1936ko Aldundia osatu zutenak omentzeko". Bere esanetan, "interes partidisten ondorioz ezin izan da egin omenaldi bateratu bat".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago