Gerrari artearekin erantzun zion kultur taldea, 1615ean Islandian izan ziren euskal baleontzien abenturak, Gasteizen Azkena rock jaialdiak utzitako aztarna, hildakoak berpizteko mendian predikatzen dabilen gizontxoa. Udazkeneko zizen antzera, ikasturte berriarekin hamaika istorio prestatu dituzte Arabako ikus-entzunezko sortzaileek. Horietako zenbaitek ostiralean, hilaren 16an, hasiko den Donostiako Zinemaldian aurkezteko aukera izango dute.
Gerra, erbestea eta artea izan ditu, hain zuzen, lanerako erreminta Estibaliz Urresola Laudioko zinegileak. Gai horiek harilkatuta sortu du Paris. Paperezko ahotsak dokumentala, Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurren ospakizunekin batera prestatutako dokumental sorta baten barruan. Euskal Telebistaren enkarguz, Agirre lehendakariak artearekin zuen harremana eta garaiko Eresoinka kultur taldearen nondik-norakoak jaso ditu.
1937ko abuztuaren 19an, Agirre erbestean zela, Gabriel Olaizola musikariari deitu eta zera galdegin zion: "Gerra galduko dugu, baina artearen bitartez borrokan jarraitzeko beharra dugu". Hala sortu zen Eresoinka, erbestean ziren hainbat lagunek osatutako kultur taldea, Paris eta Europako beste hainbat eszenatokitan ibili zena. Dantzariak, margolariak, musikariak eta beste hainbat kide ziren Eresoinkan, bakearen aldeko mezuak igortzeko xedez. Eta taldekide horietako batekin, Inazita Olaizolarekin –Gabriel Olaizolaren alaba–, hitz egiteko aukera izan du Urresolak: "Opari bat izan da dokumentalari esker Inazita ezagutu eta harekin solasaldi hau izatea, hunkigarria; 97 urte ditu gaur egun, eta argitasun osoz azaldu ditu Eresoinkaren ingurukoak".
Erreportaje osoa irakurtzeko 74. Alean