2014an Gasteizen atxilotu zituzten sei gazte epaituko dituzte asteazkenean

Erredakzioa 2016ko ira. 12a, 12:21

Arabako Campuseko ikasleei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu dute epaiketaren egunerako.

 2014. urteko martxoan Arabako EHUko campusean egin zen elkarretaratze batean atxilotu zituzten sei gazte epaituko dituzte aste honetan Gasteizen. Fiskalak guztira sei gazteen aurka 13 urteko espetxe zigorra eta 5.000 euroko isuna eskatzen du, izan ere, autoritatearen aurkako atentatua, ordena publikoaren aurkako erasoa eta lesioak egozten dizkie. Epaiketa datorren asteazkenean, hilak 14, izango da Arabako Lurralde Epaitegian. Egun horretan, atxilotuei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea deitu dute, goizeko 9:00etan kanpoaldean.

Ikasle Abertzaleak ohar baten bidez azaldu duenez, orain epaituak izango dira gazteek 2014.urteko martxoaren 19an Gasteizko EHUko Campusean euskal preso politikoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko antolatu zen elkarretaratzean parte hartu zuten. Protestaren baitan hainbat ikaslek mural bat egiteari ekin zioten horma batean, aldarrikapen berari loturik. Orduan, kalez jantzitako ertzainek inolako azalpenik eman gabe ikasleetako bat atxilotu zuten. Ondoren, hainbat ikaslek errepidea moztu zuten lurrean eserita, atxilotua egoera duin batean jartzeko eskatuz. Momentu horretan Ertzaintzak kargatzeari ekin zion beste bost gazte atxilotuz. Era berean, ertzainen irain sexistak ere entzun behar izan zituztela salatu du Ikasle Abertzaleak-ek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide