0+ eta A+ odola duten emaileak behar ditu Arabak

Erredakzioa 2016ko irailaren 12a

Arabako odol-emaileen elkarteak iragarri du uda-sasoian odol-erreserbak erdira urritu direla, bereziki bi talde hauetakoak.

Arabako Odol Emaileen Elkarteak odola behar dutela iragarri du, hori dela eta, odola ematera joatera animatu nahi ditu arabarrak. Uda-sasoian odol-erreserbak erdira urritu dira, bereziki 0+ eta A+ taldekoak. Odola emateko ohitura dutenei nahiz sekula eman ez dutenei Olagibel kalean dagoen anbulatoriora jo dezatela eskatu diete entitateko arduradunek, hori baita erreferentziazko zentroa (astelehenetik larunbatera), edo hirian barrena ibili ohi diren unitate mugikorretakoren batera.

Gorka Urtaran alkateak elkartasunerako dei berezia egin du, odola emateko moduan dauden guztiak ematera joan daitezen. “Ez da askorik kostatzen hori egitea, eta, aldiz, bizitzak salbatzen laguntzen du”. Alkateak berak ere emango du odola, datorren astean, eta bai udal langileak, bai herritarrak animatu nahi izan ditu beste horrenbeste egitera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago