Denboraldia amaitu bitarte zer egingo duen Alavesek ezin jakin daiteke. Baina orain arte egin duena handia ez, ikaragarria da. Lehen jardunaldian ezustea eman zuen, Atletico Madrilen zelaian bana berdinduta. Bigarrenean motz antzean geratu zen, Sporting gainditu ezinda (0-0). Eta atzo, sinesteko ere zaila den garaipena lortu zuen, non eta Bartzelonan. Partida bikaina jokatu zuten gasteiztarrek. Defentsako kokapen onetik abiatuta, maisuki aritu ziren lerro guztietan, eta ondo merezita irabazi zuten: 1-2. Deyversson eta Ibai izan ziren golegileak. Ligako talde guztiek inbidia sentitu izango zuten Alaves ikusita. Momentuz, talde handienen etsai nagusia baita. Real Madril hartzeko ere ez litzateke garai txarrena.
Mauricio Pellegrino gasteiztarren entrenatzaileak aurrez esana zuen, ez zirela arratsalde pasa zelairatuko. Haren hitzak hasierako hamaikakoan igar zitezkeen. Defentsako lerroan bost jokalari zelairatu zituen, eta bete-betean asmatu zuen. Erabat. Bartzelona harresi hori gainditu ezinda ibili zen une oro, Pacheco atezainaren area zapaldu ezinda, eta Alavesek aurpegia eman zuen. Nola eman, gainera. Partidako lehen gol aukera Ibaik izan zuen, 14. minutuan, baina ez zuen asmatu. Edgar bera ere ahalegindu zen geroago. Konfiantzak eraginda, lotsagabe aritu zen taldea.
Bartzelonak ez zuen minik eragiten, eta horren errudun nagusiak zelai erdiko bi jokalariak izan ziren: Llorente eta Torres. Baloiak errekuperatzeko lanean fin aritu ziren. Nabarmentzekoa da lehen ordu erdia igarota etxekoek apenas izan zutela gol aukera garbirik. Estreinakoa, estrategiako jokaldi baten ondoren ailegatu zen. Neymarrek falta atera, eta Aleix Vidalen jaurtiketari erantzun aparta eman zion Pachecok, 33. minutuan. Geroago, Vidalek berak beste aukera bat ere izan zuen.
Pentsatzekoa zen atsedenaldira bitarte gehiago sufritu behar izango zuela Pellegrinoren taldeak. Baina ez. Unerik egokienean, 0-1ekoa iritsi zen. Luzaroan Bartzelonaren zelaian eduki zuen baloia Alavesek eta, halako batean, Kiko Femeniaren erdiraketa bati erremate aparta eman zion Deyverssonek. Mascheranori aurrea hartuta, ezker oinarekin sareetara bidali zuen baloia aurrelari brasildarrak. Eromena nagusitu zen txuri-urdinengan. Hori bai, lehen zatia amaitu bitarte neurketa berdintzeko aukera onak galdu zituzten etxekoek.
Bigarren zatiari begira, jakina zen jarraitu beharreko bidea zein zuen Alavesek. Golik ez jasotzeaz aparte, sufritu ere gutxi egin baitzuen lehenengoan. Dena den, hasi eta berehala banakoa ailegatu zen. Neymarrek kornerra atera, eta Mathieuk buruz ez zuen barkatu. Defentsan eginiko lehen akatsa garesti ordaindu zuten gasteiztarrek. Hurrengo jokaldian, bigarren gola ere gertu izan zuen Mathieuk berak, baina ez zuen asmatu.
Messi, Suarez eta Iniesta
Gol hori jasoagatik, berean jarraitu zuen Alavesek. Abisua eman zuen lehenbizi Edgarrek, gola egin baitzuen geldikako jokaldi batean. Jokoz kanpo zegoen, ordea. Halere, 64. minutuan bigarrena egin zuen Ibai Gomezek. Mascheranoren akats larri bati etekina atera zion. Ederki gainditu zuen atezaina azpi-azpitik jota baloia. Gol horren ondorio, Luis Enriquek hiru jokalari garrantzitsuenak zelairatu zituen segidan: Messi, Iniesta eta Luis Suarez. Hirukote horrek errespetua eragin zuen zelaian, baina ez ziren lehiari buelta emateko gai izan. Gasteiztarrek ofizio latza azaldu zuten. Oraindik ere partidarik galdu gabe daude ligan.