Udalbatzak udalerriko mugarrietara egin ohi duen bisitak emango die gaur Olarizu egunari. Babarrun-jan herrikoiak eta arratsaldeko lehen orduetatik zelaietan egingo den erromeriak osatuko dute jai horren egitaraua, XIX. mendeaz geroztik egiten baita.
Goizeko 09:00etan abiatuko da Udalbatza Plaza Berritik, Udal Txistulari Banda lagun duela. Zinegotziek 9,2 kilometroak egingo dute aurtengo ibilaldiari dagozkien 52 mugarriak bisitatzeko, herri hauetan barrena: Mendoza, Otogoien eta Otobarren.
12:30ean hasiko da Boilurrek antolatutako babarrun-jan herrikoia; aldi berean, suziriak bota eta kanpaiek angelus deia joko dute Gasteizko Mendietako herrietatik. 14:45ean, udal segizioa Olarizuko zelaietara iritsiko da, eta Udal Txistulari Bandak harrera egingo dio bertan.
Arratsaldeko lehen orduan hasita, adin guztietarako jai-jarduerek beteko dituzte zelaiak: puzgarriak, gargantua, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, gaita-jotzaileak, Folklore Akademiako trikitilariak, dantzaldia Haitzama taldearekin, Arabako Dantzarien Biltzarraren ekitaldia, kalejira eta herri kirolak. 20:00etan itzuliko da Udalbatza erromeriatik Plaza Berriraino, Udal Musika Bandak, txistulari, atabalari, trikitilari, gaita-jotzaile eta danborrariek zein Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduta. Jaia 20:45ak aldera bukatuko da; Musika Bandak Plaza Berrian joko du eta zezensuzkoa izango da.
Eguraldia lagun
Eguzki giroa eta bero handia izango dira nagusi gaurko egunean, izan ere, termometroek 35 gradura igoko direla iragarri du Euskalmetek.