Arabako Foru Aldundiak eta Osakidetza euskararen erabilera sustatzeko egitasmoak garatzeko lankidetza-protolokoa sinatu dute gaur. Jon Etxeberriak, Osakidetzako Zuzendari Nagusiak, eta Igone Martinez de Lunak, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Foru Diputatuak, sinatu dute hitzarmena.
Hitzarmen honen bitartez hainbat konpromiso hartu dituzte bi erakundeek, hala nola, euskararen erabileraren normalizazio-kontuetan dituzten ekintza-esparruak zehaztea, arlo honen inguruko informazioa trukatzea, burututako ekintzak nahiz abian jartzekoen eragina aztertzea, eta euskararen erabilera bultza lezaketen ekintza bateratuak proposatzea.
Asmo horrekin bat, Jarraipen eta Koordinazio Batzorde Mistoa eratuko da bi hilabeteko epean, lankidetza-protokolo honetan jasotako zereginei ekiteko ardura izango duena.
Euskal Osasun Zerbitzuak bazuen hau bezalako akordioa, aurtengo maiatzean sinatua, Bizkaiko Foru Aldundiarekin; gaurkoaren ostean, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere gauzatzeko asmoa dago.