Gurdi-bidea egitasmoak Araba zeharkatuko du

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko ira. 5a, 13:37

Idi eta behi menditarrek bultzatutako hiru gurdi Burgosetik Pasaiarako bidaia egiten ari dira, aurreko mendeetan euskal itsasertzera garraiatzen ziren lehengaien garrantzi ekonomikoari balioa ematekoa.

Gurdi Bidea: 18 egun Burgosetik Pasaiara ekimenak Araba zeharkatuko du irailaren 6tik 10era bitartean. DSS2016 Europar Hiriburutasunean Itsasgileak egitarauaren barne kokatuta dagoen proiektua abuztuaren 31an abiatu zen Burgosetik eta 18 egunetan Burgos, Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Errioxa zeharkatu ondoren, irailaren 17an Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoriara iritsiko da.

Zehazki, idi eta behi menditarrek bultzatutako hiru gurdi abiatuko dira eta gurdietan, Pasaian eraikitzen ari diren XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika egiteko artisauki egindako bikea eta alkitrana eramaten ari dira. Ekimenaren sustatzaileak Quintanar de la Sierrako Cabaña Real de Carreteros eta Albaola Itsas Kultur Faktoria dira.

Arabako etapak

Gurdi bidearen zazpigarren etapa Araban amaituko da, Argantzunen, hain zuzen ere; Rivabellosa, Armiñon eta Estabelu zeharkatu ondoren. Hurrengo egunean, hilaren 7an, Subilla eta Gometxa herrietatik igaroko da etapa eta Gasteizen amaitu. Irailaren 8an hiriburutik aterako den etapak Dulantzin izango du helmuga eta tartean, Otazu, Estibaliz, Askartza, Elburgu eta Argandoña zeharkatuko ditu. 9an ospatuko den hamargarren etapa, berriz, Egilatzen amaituko da eta besteak beste Agurain udalerritik pasako da. Hamaikarren etapa Arabatik abiatuko da Altsasura, irailaren 10ean. (Ikusi Gurdi-bidearen etapa guztiak)

Gurdi-bidea proiektua

Gurdi bidea-k aurreko mendeetan euskal itsasertzera garraiatzen ziren lehengaien garrantzi ekonomikoari balioa eman nahi dio. Era berean, kultura eta lurralde ezberdinetan mendeetan zehar izandako harremanak berreskuratzea izango du helburu. Bestalde, idi eta behi menditarrak desagertzear daudela aldarrikatu nahi du proiektuak. 

​Era berean, ekimen honen beste helburu bat Gurdi Bideak zeharkatzen dituen tokien sustapen turistikoa da. Ibilbide honetan zehar herri ezberdinak zeharkatuko dira eta bertako baliabide turistiko, natur-baliabideak, ... balorean jarriko dira. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide