"Urrats txikiz osaturiko bide luzea"

Erredakzioa 2016ko ira. 2a, 13:54

Euskara ikasteko diru-laguntzak aurkeztuko ditu Arabako Aldundiak datorren astelehean. Horren harira, iritzi artikulua idatzi du Iñaki Ullibarri EH Bilduko batzarkideak.

"Ukaezina da, batez ere adin batetik gorako arabarrontzat, euskarak frankismoaren garai ilunetatik egindako bide oparoa. Tokitan dago bere euskalduntasunari bizkar emanda bizi zen Alava gris hura, konplexuz josita sentitzen zena bertako zein beste herrialdeetako euskaldunen aurrean, bere toponimia eta deiturak ulertzeko ere gai ez zena. Zorionez, ehunka euskaltzale eta euskaldunen lan ixil, eskergabe eta sendoaren ondorioz gaurko Arabak baditu berezko bertsolari, euskaltzain, euskara irakasle, euskal kulturgile eta idazleak. Eta oraindik ere asko bada egin beharrekoa, egun Arabako euskaldunok ditugun arazoak eta kezkak (gure hizkuntza komunitatea nola trinkotu, transmisio katea nola bermatu, euskal herritar berriak nola erakarri euskarazko mundura, euskara lan munduan nola txertatu, gure hizkuntza eskubideak nola defendatu…) funtsean dira Euskal Herriko gainontzeko euskaldunek dituzten berberak. 

Baina horrek ez du esan nahi gure Foru Aldundia, euskalgintzak egindako esfortzuaren eta lanaren pare egon denik. Horrexegatik, EH Bilduk EAJrekin aurrekontu akordioa negoziatzeari ekin zionean, argi izan genuen iritsia zela urrats berriak egiteko unea. Horregatik, eta euskarako partida guztien dirua %30ean handitzearekin batera, aurretik zetozen ekimenak estrategikoki indartzea izan zen abiarazitako ildo nagusietariko bat: Koadriletako euskara teknikarien sarea sendotzea, Arabako euskal komunikabideen diru-laguntzak duintzea, eragile batzuen diru-laguntzak berreskuratzea, jardueretako partidak handitzea…; bestea, ildo berriak ezartzea, Araban ere euskarak egoera berria erdietsi dezan: Arabako euskaltegietako gela desplazatuak diruz laguntzea, Trebiñuko ikastolarako berariazko diru-laguntza, Arabako Koadriletan euskarazko jarduerak sustatzeko Birika programa, lan munduan euskalduntzeko Araba Lanean ekimena…

Data zehatz hauetan, helduen euskalduntzerako laguntzak azpimarratu nahi ditugu. Matrikulazio kanpainaren atarian lehen aldiz Arabako Foru Aldundiak diru laguntzak eskainiko dituela nabarmendu  nahi dugu. Oinarrizko maila egingo duten ikasleei zuzenduta eta soilik kopuru batean. Argi dugu helburua erabateko doakotasuna dela baina urrats kualitatiboa da, behingoz ibili beharreko bidea adierazten baitu. Izan ere, nola da posible oraindik ere, EAEn hizkuntza ofiziala den euskara ikasi nahi duen herritarrak bere gain hartu behar izatea horren zama ekonomiko handia? Nola da posible oraindik ere ez EHko, ez Arabako instituzioak euskara ikasteko doakotasuna edozein herritarri, bere zirkunstantzia pertsonalak edozein izanda ere, bermatzeko gai ez izatea?

EH Bildun argi daukagu: guretzat aurten ezarritako diru-laguntzak bide horren beste urrats bat baino ez dira, eta gure konpromiso ezin argiagoa da: helduen euskalduntzearen doakotasunean urratsak egiten jarraitzea arlo instituzional guztietan, zeren-eta, hizkuntza gabe esaidazue nola irtengo naizen plazara; gure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide