EGIBIDEk 2016-2017 ikasturterako Lanbide-Heziketan euskaraz duen eskaintza hirukoiztuko du

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2016ko abu. 17a, 11:00

Gasteizko EGIBIDE Ikastetxeak, Bai Euskarari Ziurtagiria duenak, datorren 2016-2017 ikasturteari begira euskararen aldeko apustu argia egin du Lanbide Heziketa zikloei dagokionez.

Orain arte bi baziren euskaraz ematen ziren zikloak, datorren ikasturtean eskaintza hori hirukoiztu eta guztira familia profesional ezberdinetako sei ziklo izango dira Gasteizko ikasleek ikastetxe honetan euskaraz egin ahal izango dituztenak. Honako ziklo hauek dira: Administrazio eta Finantzak, Mantentze-lan Elektromekanikoa, Mikroinformatika Sistemak eta Sareak, Mekatronika Industriala, Automatizazioaeta Robotika Industriala eta Fabrikazio Mekanikoko Diseinua.

Egoera berri honek azken urteotan Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz egiteko handituz doan eskaerari erantzuna ematen dio. Helburu horrekin, EGIBIDE-k horren aldeko apustua egin eta zortzi ziklo ezberdin euskaraz egiteko aukera eskaini zuen. Horietatik sei datorren urtean martxan egongo dira.

Aldaketa hau EGIBIDE-k Lanbide Heziketa euskalduntzeko ezarritako erronka estrategikoarekin bat dator. EGIBIDE-k “Euskararen Bidean” Ziurtagiria du, euskararen normalizaziorako neurriak hartzen eta garatzen ari den egiaztagarria. Horrez gain, lan munduan, enpresan eta arlo sozio-ekonomikoan euskararen presentzia bultzatzeko beste zenbait ekimenetan ere parte hartzen ari da, hala nola, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartetik bultzatutako Enpresarean edota Lanabes-en.

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago