Giza eskubideen arloko hainbat proiektu laguntzeari helegitea jarri dio Urquijok

Anakoz Amenabar 2016ko abu. 5a, 14:03
Sarek antolatuta, Gasteizen egindako manifestazio bat. /Sare

Euskal politika "boikoteatzen" jarraitzen duela salatu du EH Bilduk.

Giza eskubideen eta memoria historikoaren gaineko sustapen eta zabalkundea helburu, hainbat proiektu diruz laguntzea erabaki du Arabako Aldundiak aste honetan, eta haren kontrako helegitea aurkezteko eskatu dio Estatu Abokatuari Carlos Urquijo EAEko jarduneko Gobernu Ordezkariak.

Arabako EH Bilduk eta EAJk adostu dute 100.000 euroko deialdia, eta laguntzak eskuratuko dituzten zortzi elkarteen artean, besteak beste, Sare eta Etxerat daude. Haren arabera, "ETAren zerbitzura" daude bi elkarte horiek eta "ez dute giza eskubideen alde lan egiten". 

Diruz lagundutako proiektuen artean, esaterako, “Giza eskubideen alde sareak ehuntzen” izeneko kanpaina aukeratu dute, Sare elkartearena, eta gazteentzako zinema areto giza eskubideen eta bortizkeriaren gaineko beste bat ere bai, Zinhezba kultur elkarteak antolatuta. Halaber, hirugarren graduan preso dauden emakume batzuek film labur bat filmatzeko proiektuari babesa emango diote, La Via Lactea elkartearena, eta euskal presoen sakabanatzearen kontra senideen Etxerat elkarteak antolatutako itzulia. Proiektuen artean nabarmentzekoak dira, halaber, Gasteizko martxoaren 3ko gertaerei buruzko edota gerra zibilak eta II. mundu gerrak Araban eragin zituzten ondorioei buruzkoak.

“Boikota”

EH Bilduk salatu egin du Carlos Urquijoren erabakia. “Berak eta Alderdi Popularrak ez dute inolako zilegitasunik giza eskubideen aldeko eragileak diskriminatzeko, are gutxiago, orain jardunean dagoen gobernu egiturak erabiliz”. Horrelako jarrerekin “gutxiengo baten” diskurtsoa inposatu nahi izatea leporatu diote Urquijori, eta giza eskubideen urraketa guztiak aitortuak izango diren bake agertoki baten aldeko apostua egin dutela nabarmendu: “Horregatik, PP desalojatu eta bere inguruan osasun kordoi bat ezarri behar da”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide