"Azken bi-hiru hamarkadetan Arabako ardogintzak zenbait eskaera ditu ardoen bereizketa eta protagonismo handiagoaren bila. Hala ere, oso gutxi da lortu dena, behin eta berriz, talka egin baitu DOC Rioja izeneko paretarekin.
Honen aurrean 40 inguru upategi txikien multzo zabal bat konbentzitu da ezin dela gehiago itxoin, geldi egotea okerrera joatea baino ez dela, DOC barruan ez dela posible, alperrik dela. Hau da, mugitu beharra dagoela bide berri bat ireki eta Arabako Mahastiak izendun babestutako sor-marka sortzeko. EH Bilduk Arabako upategi txikien aldeko eredu berri honen alde emandako urrats ausart hau txalotu eta babesten dugu. Era berean, askotariko arrazoiak direla medio, bat egingo ez duten upategiak errespetatzen ditugu, eta sektore osoa eta bereizketaren aldeko bestelako iniziatibak babesten jarraituko dugu.
Badakigu edozein aldaketak badituela arriskuak eta gorabeherak, baina oraingo testuingurua aztertuz gero, Rioja-DOC-etik kanpo bide propioa abiatzeko arrazoi ugari dagoela ikus dezakegu. Hasteko, ordezkaritza hektarea eta saldutako litroen kopuruaren araberakoa denez upategi handien talde txiki baten esku daude erabakigune guztiak. Talde boteretsu horrek kantitatea eta irabaziak handitzea helburu duen eredu industriala bultzatzen du, azken urteetan soberakin kezkagarriak eman badira ere. Ez hori bakarrik, onartu berri dituzten hektareako errendimenduak areagotzea edo hurrengo urteetan landaketa berriak bezalako neurriek etorkizun gero eta zalantzagarriagoa eta beltzagoa margotzen dute Arabako Errioxako ardogintzan, mahastizainentzat zein upategi txiki eta familiarrentzat. Izan ere, oso litekeena da mahatsaren prezioa jaistea, eta upategi gehiago desagertzea ( azken hiru hamarkadetan 400 upategi inguru desagertu dira eta egun 200 bat geratzen dira). Honekin batera, bada kezkagarria ere populazioa gero eta zaharkituago egotea eta gutxi izatea lanbide honetara sartzen diren gazte eta emakumeak. Hitz batean, gure eskualdean ardogintzako multzinazionalek sustatutako upategi glamurosoak loratzen diren bitartean, inposatutako eredu horrekin usadiozko ustiapen txikien biziraupena gero eta zailagoa da.
Aurreko guztiari gaineratu behar diogu DOC Rioja ohituegi dagoela aginkerietara, eta bere baitan sor-marka berriak sortzeko aukeraren aurrean beti erabateko jarrera hertsia izan duela, ahaztuz beste zenbait lekutan guztiz normala dela, Borgoinan bezala 97 sor-markarekin edo Bordelen 58rekin. Orain arte eman diren saiakerek, behin eta berriz, talka egin dute DOC Rioja taldearen jarrera itxiarekin eta Arabako Errioxarekiko gutxiespenarekin. Hau dela eta, Diputatu Nagusiaren adierazpenak, esanez Diputazioaren apustuak jarraitzen duela izaten DOC barruan sor-marka berri bat sortzea, irrealak eta etsigarriak iruditu zaizkigu. Beste behin ere, kea saltzea eta pareta berarekin talka egitea da. Errioxako Nekazaritza Kontseilariak gogoratu zion handik ordu batzuetara ez dela inola ere onartuko Ramiro Gonzalezek eskatutakoa, aukera bakarra dela edo barruan egon, Rioja sor-markarekin, edo kanpoan. Esanguratsua da oraingo DOC taldearen osaketan parte hartzen duten hiru komunitatetatik batek bozeramaile papera hartzea eta beste biak, Nafarroa eta EAE hain zuzen ere, bazterrean uztea.
Gure ustez, berriz, babestutako sor-marka bat sortzeko hartutako erabakia gure upategiak itotzen dituen dinamika produktibista eta uniformatzailea apurtzeko erarik onena eta bideragarriena da. Kalitatearen alde egitea da, bereizketaren alde, beste eredu jasangarriaren alde. Lurrari, bere 20 herriei, berezko elaborazioari, bere identitate eta historiari, bere kulturari, paisaiari eta eskualde berezi baten garapen sozioekonomikoari lotzea da. Azken batean, ahalduntzea eta era zabalean burujabetasuna eta autogestioa praktikan jartzea da, hau da, Arabako Errioxako pertsonek euren oraina zein geroa gidatzea eta eraikitzea. Halaber, oraingo estrategia industriala eta produktibistaren aurrean tokiko nekazaritzako elikadura estrategia jasangarriaren alde egitea da. Horrexegatik EH Bildutik mozio bat aurkeztu berri dugu , bai Batzar Nagusiek, bai Arabako Diputazioak, iniziatiba berri honekin bat egin dezaten; eta instituzio arabarrak, Eusko Jaurlaritzak eta ardogintza sektoreko ordezkaritza batek Ardoaren Mahaia osatu dezaten, emandako pausua eta aurrerantzean ardoen bereizketaren hartu ahal diren gainontzeko ekimenak babestu ditzaten. Gure instituzioek momentuak eskatzen duen ardura eta herri ikuspegia izan behar dute. Arabako Errioxako mahastizain nahiz upategi txikien etorkizunaren alde apustua egiteko ordua da, hauek lurra lantzeko eta ulertzeko modu berezi baten benetako protagonistak baitira".