Bederatzi urte igarota eta Aldundiko 223 langileek erretiroa hartu ondoren, lan eskaintza publikoa egingo du aurten Arabako Foru Aldundiak. Gaur iragarri duenez, 78 plaza eskainiko ditu erakundearen kualifikaziorik handieneko taldeetan (A1 eta A2), hain zuzen ere, erdi mailako eta goi mailako tituludunentzat. Oinarri orokorrak eta bereziak urteko azken hiruhilekoan argitaratuko dituzte, eta probak 2016ko urtearen amaieran eta 2017ko urtearen hasieran izango dira.
Eskainiko dituzten 78 plazen artean, 60 plaza irekiak izango dira, eta beste 18, dagoeneko Diputazioan ari diren langileentzat.
Administrariak, arkitektoak, ingeniariak
Enplegu Publikoaren Eskaintzan A1 taldeko plazak eskainiko dituzte, honako titulazioetarako: administrazio orokorreko teknikariak, ekonomia eta enpresa zientziak, zuzenbidea, arkitektura, errepide ingeniaritza, ubide eta portu ingeniaritza, ingeniaritza agronomoa eta zerga ikuskaritza eta antolakundekoak. Horiez gain, A2 taldeko plazak aterako dituzte ere: arkitektura teknikoa, nekazaritza ingeniaritza teknikoa, basogintzako ingeniaritza teknikoa eta bibliotekonomia eta dokumentaziokoak.
Zerga ikuskaritzako unitatea sendotzeko izango dira plaza horietako sei, zerga iruzurraren kontrako borrokarako bitarteko tekniko eta giza baliabideak handitzeko.
Udazkenetik aurrera
Lan eskaintza publikoa abuztuan argitaratuko da Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO), baina urtearen azken hiruhilekoan argitaratuko dituzte oinarri orokorrak eta bereziak, baita azterketetarako gai zerrendak ere. Ondoren, azterketa teoriko eta praktikoetan parte hartzeko izena emateko epea hasiko da, 2016ko urtearen amaieran eta 2017ko urtearen hasieran.
Diputazioak jakinarazi duenez, 2017an eta ondoko urteetan beste lanpostu batzuetarako enplegu eskaintzak onartuko dituzte.